Bideo bat grabatuko du Udalak, ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan

‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan bideo bat grabatu nahi du Udaleko Euskara batzordeak aurtengo udazkenean, oriotarren euskararen inguruko bizipenak, sentimenduak eta iritziak jasoko dituena. Bideo horretan parte hartzeko gonbita egin nahi die Udalak herritarrei.

Orain dela 20 urte ‘Euskaraz Gazte’ izeneko bideoa egin zuen Udaleko Euskara batzordeak eta arrakasta handia izan zuen herriko jendearen artean:

http://www.youtube.com/watch?v=RD_yaJ01wYQ

Udalak uste du, 20 urte geroago, oraindik ere badaudela arrazoiak euskararen aldeko diskurtso bat aldarrikatzeko, eta horregatik jarri du martxan ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoa. Euskara gehiago erabiltzearen aldeko giroa sortu nahi du Udalak Orion eta, hori lortzeko, besteak beste, herritarren ahots eta irudiak baliatu nahi ditu; zenbat eta gehiago, hobe; zenbat eta diferenteago, nahiago.

Grabazioak irailaren 27 eta 30ean

Euskara batzordearen asmoa hau da: irailaren 27an eta 30ean plato moduko espazio bat antolatuko du plazan eta herriko hainbat txokotan (gauza sinple bat izango da, ‘Euskaraz bizi-bizi’ko logoa-eta erabilita) eta oriotarrak gonbidatuko ditu euskara dela-eta dituzten bizipen eta sentsazioak kontatzera. Euskara batzordeko buru Jon Agirresarobe eta euskara teknikari Jabier Zabaleta bertan izango dira laguntzen eta grabaketa bideratzen. Ondoren, herritarren erantzun horiek editatu egingo dira eta bideo bat osatuko da, ikusgai jarriko dena.

Udalarentzat inportantea da bideoan era guztietako oriotarrak agertzea, adin, kolore eta joera guztietakoak eta, hortaz, gonbita egin nahi die herritar guztiei  parte hartzeko. Guztia ondo antolatzeko, hori bai, beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea, grabazioak egoki bideratu ahal izateko. Beraz, bideoan parte hartzeko gogoa duenak deitu dezala Euskara Zerbitzura irailaren 25a baino lehen.