Bizikletek lehentasuna izango dute herriko kaleetan

Bizikletek lehentasuna dutela markatzen duten seinaleak pintatu ditu Udalak honako kaleetan: Eusko gudari, Arrantzale, Abeslari eta Bikamiotatik autopista azpiko tartean.

Herriko kaleetan bizikletan doazenek lehentasun osoa dute automobilekiko. Bizikleta zaleek ez dute, hortaz, zertan bide ertzetik ibili eta bide erditik joan daitezke lasai.

Seinaleak

Bizikletek lehentasuna dutela adierazteko, oraingoz, seinaleak pintatu dira lurrean lau kale horietan. Aurrerago, seinale bertikalak ere jarriko dira han eta hemen. Udalak enkargatuta dauzka seinale bertikal horiek eta iristen diren bezain laster jarriko ditu, datorren astean.

Bidegorri-sarea osatu beharra

Udalak herriko bidegorri-sarea osatzen jarraitu nahi du; baina zona batzuetan ez da erraza, zailtasun teknikoak daudelako, batetik, eta aurrekontu dezenteko lanak direlako, bestetik.

Udalak ez du baztertu aipatutako kale horietan gerora bidegorria egiteko aukera; baina, oraingoz, bizikletentzako lehentasunezko bide gisa markatzea erabaki du, aukera errazena eta merkeena delako eta ez dituelako hipotekatzen gerora har litezkeen bestelako erabakiak.