Egunsenti abesbatzaren 15. urteurrena dela eta, Udalarekin bat eginik, urtean zehar egiten ditugun ekitaldien artean katu jira egingo da Orioko kaleetan zehar.
Argitu nahi genuke, kontua ez dela Egunsenti taldea bakarrik edo beste 15-20 lagun elkartuta izatea. Bide batez eskerrak lagun horiei gugana hurbildu eta bai Gabon jai eta beste hainbat ekitaldietan herria girotzen laguntzeagatik.
Baina oraingoan gehiago nahi dugu. Alegia, Egunsenti hor izango gara, baina esan dezagun, zimendu gisara, ez bere errepertorio propioa abestuz, normalean egin ohi dugun bezala. Nahi dena da, ahalik eta jende gehien elkarrekin abesten izatea. Horretarako saiatuko gera, ahalik eta kantu ezagun eta politenak biltzen.
Orion arrauna maite da, baina beste gauza askoren artean, kantua ere bai. Paperak prest izango ditugu bildutako kantuekin, eta ez da entsegurik izango. Zuzenean kalera. Zerbait errazagorik izan al daiteke? Horregatik, nola nagusi, gazte zein ertain, denok bat egin eta txakolin bat edo beste bitarteko eguerdi polita gozatzeko? Bizitza nahiko laburra denez, gai garen bitartean, aprobetxatu ditzagun ondo pasatzeko ditugun momentuak. Utzi lotsak, eta ea garai batean kantatzeko genuen ohitura eder hura berreskuratzeko gai garen.
Maiatzaren hamahiruan, eguerdiko hamabitan, Danbolin Musika eskolako inguruan bilduko gara. Seguru biltzen garenok ondo pasako dugula. Aupa Orio!
Egunsenti otxotea