Dendari eta tabernariek bete beharreko baldintza batzuk aldatu egingo dira deskonfinamenduaren 2. fasean

Gauzak ondo bidean, deskonfinamenduaren 2. fasean sartuko da EAE datorren maiatzaren 25etik aurrera. Hala baldin bada, horrek aldaketak ekarriko ditu herriko dendari eta tabernarien jardunean, orain arte baino baldintza malguagoak izango dituzte-eta.

Dagoeneko 2. fasean dauden eremuetan aplikatu diren neurriak kontuan hartuta, aldaketa nagusiak hauek izango dira (betiere, dekretuak zehaztuko duenaren eta Eusko Jaurlaritzak ezar ditzakeen bestelako neurrien zain):

  • Dendetan aforoaren %40 onartuko da (1. fasean %30 zen), betiere bi metroko segurtasun-distantzia mantentzeko modurik baldin badago.
  • Taberna eta jatetxeetan aukera izango dute lokalaren barruko mahaietan zerbitzatzeko (orain arte terrazatan bakarrik zerbitzatu behar zuten), aforoaren %40 arte.

Zorionak dendariei

Udala pozik dago herriko dendariek ateak irekitzeko eta zerbitzua emateko egiten ari diren ahaleginagatik, eta zorionak eman nahi dizkie ezarritako segurtasun- eta higiene-baldintzak zorrotz eta arduraz betetzen ari direlako.

BETE BEHARREKO ARAU OROKORRAK (GUZTIONTZAT)

2. fasean denda, zerbitzu eta tabernek bete behar dituzten gainerako segurtasun-neurriak lehengo berak dira.

Hona hemen neurri horiek, laburtuta (berriak direnak beltzez daude,nabarmentzeko):

Higiene-neurri orokorrak

  • Jardueraren titularra arduratuko da garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzeaz.
  • Bereziki garbituko dira erabilera komuneko guneak, eta eskuz ukitzen diren elementuak: ateak, mahaiak, heldulekuak, telefonoak, pertxak…
  • Langileek erabiltzen dituzten guneak ere garbituko dira. Langile batek baino gehiagok konpartitzen duten lanposturik badago, erabilera bakoitzean garbituko da.
  • Uniformeak erabiltzen badira, egunero garbituko dira, 60 gradutan.
  • Instalazioak sarri egurastuko dira; gutxienez, egunean behin, bost minutuz.
  • Igogailuak daudenean, ahalik eta gutxien erabiliko dira.
  • Bezeroentzako komunak dituztenetan, gehienez pertsona batek erabiliko du aldi bakoitzean (laguntza behar dutenek izan ezik). Egunean gutxienez sei aldiz garbitu eta desinfektatuko dira komunak.
  • Txartel edo beste bitarte elektroniko bidezko ordainketak sustatuko dira.
  • Zaborrontziak eduki behar dira; ahal bada, tapa eta pedalarekin.

Langileen prebentzio eta higiene-neurriak

  • Jardueraren titularrari dagokio neurriak hartzea higiene eta prebentzio alorrean.
  • Langile guztiek gel hidroalkoholikoak edo birusen aurkako desinfektatzaileak eduki beharko dituzte eskura.
  • Ezin denean bermatu langileen arteko bi metroko segurtasun-tartea, babes-ekipamendu pertsonalak izango dituzte.
  • Lanpostuen antolaketa eta txandak moldatu egingo dira, langileen arteko segurtasun-tartea bermatzeko.
  • Segurtasun-tartea aldageletan ere bete beharko da.
  • Langile batek gaixotasun-sintomak baditu, osasun-zerbitzuei jakinaraziko zaie, berehala maskara jantziko du, eta bere postua utziko du.

MERKATARITZA

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren ondorioz jarduera eten zuten establezimenduek ireki ahalko dute, edozein dela ere haien azalera. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Merkataritza lokaletan aforoa %40 murriztea. Solairu bat baino gehiago izanez gero, proportzionalki gordeko da murrizketa hori. Edonola ere, bi metroko distantzia gorde beharko dute bezeroek. Ezin bada distantzia hori gorde, bezero bakarra sartuko da dendara aldi bakoitzeko.
  • Lehentasunezko ordutegia ezarriko da 65 urtez gorakoentzat.
  • Bestalde, dendak ezarri dezake sistema bat, telefonoz edo online produktuak saltzeko.

Dendek hartu beharreko neurriak

  • Gutxienez, bi garbiketa eta desinfekzio egingo dituzte egunean.
  • Lanpostuen garbiketa ere egingo da, txanda-aldaketa bakoitzean, arreta berezia jarrita mahai, mostradore, pantaila eta langile batek baino gehiagok erabiltzen dituzten materialetan.
  • Langile batek baino gehiagok lan egiten duten tokietan, langileen zona pribatuak ere garbituko dira: armairuak, komunak, aldagelak, atsedeneko guneak…
  • Salmenta automatikoko makinetan edo garbigailuetan, horien titularrak bermatu beharko du garbiketa eta desinfekzio-neurri egokiak betetzea, eta bezeroak behar bezala informatzea kartelen bidez.
  • Bezeroek ez dituzte merkataritza-establezimenduen komunak erabiliko, baldin eta behar-beharrezkoa ez bada. Kasu horretan, segituan garbituko dira komunak, txorrotak eta ateko heldulekua.
  • Saltzailearen eta bezeroaren arteko distantzia: gutxienez metro bat, manpara edo beste babeserako elementu bat dagoenean. Bestela, bi metro.
  • Pertsonen arteko segurtasun-distantzia gordetzea ezinezkoa den zerbitzuetan (ile-apaindegiak, fisioterapiak, estetikak…) babes-ekipamenduak erabiliko dira.
  • Erosketak egiteko behar-beharrezko denbora bakarrik igaroko dute bezeroek establezimenduaren barruan.
  • Establezimenduek argi markatu behar dute bi metroko segurtasun-distantzia, lurzoruan jarritako marken bidez, kartelen bidez…
  • Gel hidroalkolikoak edo desinfektatzaileak jarri beharko dituzte bezeroen eskura.
  • Autozerbitzu-guneetan langile batek eskaini beharko du zerbitzu hori, kontsumitzaileek produktuak ukitzea saihesteko.
  • Ez da jarriko probatzeko produkturik bezeroentzat.
  • Probalekua pertsona bakarrak erabiliko du aldi berean, eta, erabilera bakoitzaren ondoren, desinfektatu egin beharko da.
  • Bezero batek erosiko ez duen arropa bat probatuz gero, garbitu eta desinfektatu egingo da beste bezero bati eskaini aurretik. Berdin itzultzen diren arropekin.
  • Publikoari jakinaraziko zaio establezimenduaren gehienezko aforoa zein den. Aforo horrek gutxieneko bi metroko segurtasun-distantzia bermatu beharko du.
  • Aforo hori kontrolatzeko sistemak ezarri beharko dituzte establezimenduek.
  • Pertsonen zirkulazioa, antolaketa eta espazioen distribuzioa moldatu egin beharko da, beharrezkoa bada segurtasun-distantzia errespetatzeko.
  • Lokalak bi ate edo gehiago baditu, sarrera eta irteera guneak desberdintzea gomendatzen da.

OSTALARITZA

  • Taberna eta jatetxeek ireki ahalko dute, lokal barruan kontsumitu ahal izateko, diskotekak eta gaueko tabernak izan ezik. Edukieraren %40 ezingo dute gainditu.
  • Lokal barruko kontsumoa soilik mahaian edo mahai-multzoetan eserita egin daiteke. Inolaz ere ez da baimenduko barrako autozerbitzua.
  • Mahaien edo mahai-multzoen artean bi metroko tartea egon beharko du. Mahai-multzo horien tamaina eseriko diren mahaikide kopuruaren araberakoa izango da, bi metroko tartea errespetatua izan dadin.
  • Zerbitzu libreko produktuak eskaini ahalko dira, betiere dosi bakarretan behar bezala gordeta eta babestuta badaude.
  • Udal-baimena duten terrazek ireki ahalko dute, normalean dituzten mahaien erdiak jarrita. Nolanahi ere, bi metroko distantzia bermatu behar da mahaien artean.
  • Establezimenduak Udalaren baimena eskuratu dezake, azalera handitzeko, betiere oinezkoen pasaerak eta hirugarrenen eskubideak horretarako aukera ematen duten heinean.
  • Gehienez hamar pertsona bildu daitezke mahai-multzo batean, betiere haien arteko segurtasun-distantziari eusten badiote. .

Higiene-neurri bereziak

  • Bezero bat igaro ondoren, garbitu eta desinfektatu egin behar da haren mahai-aulkiak.
  • Erabilera bakarreko mahai-zapiak jarriko dira.
  • Bezeroaren eskura jarri beharko dira gel hidroalkoholikoak.
  • Bezero guztiek erabiltzen dizuten kartak kendu egingo dira.
  • Biltegi itxietan gordeko dira zerbitzuko elementuak (platerak, mahai-tresnak…)
  • Autozerbitzuko produktuak baztertuko dira (ahozapitakoak, zotz-ontziak…)

HOTELAK ETA ALOJAMENDU TURISTIKOAK

  • Hoteletako eta alojamendu turistikoetako zona komunak ireki ahal izango dira, gune horien edukieraren %30 gainditzen ez bada.
  • Alojamenduen barruan dauden taberna eta jatetxeek goian aipatutako arauak jarraitu beharko dituzte.
  • Leku itxietan ekitaldiak egingo badira, bi ordu lehenago egurastu beharko dira.
  • Animazio eta taldekako ekintzak gehienez 20 pertsonako aforoarekin antolatu eta planifikatuko dira.
  • Animazio ekintza horiek bukatu ostean behar bezala desinfektatuko dira.