Konfinamendua arinago izango da gaurtik aurrera

Deskonfinamenduaren lehen fasean segitzen dugu Hego Euskal Herrian, baina, gaurtik aurrera, hainbat neurri aplikatzen ari dira, etxealdia arintzeko. Hauek dira garrantzizkoenak:

  • Oriotarrok Gipuzkoa osoan barrena mugitu ahal izango dugu eta, beraz, aukera izango dugu, esaterako, lurralde historikoko beste edozein herritan bizi diren senide eta lagunak bisitatzeko.
  • Kalera ateratzeko ordu-tarteak bertan behera utziko dira gaur 10.000 biztanletik beherako herrietan (Oriok 6.000 biztanle inguru du) eta, hortaz, oriotarrak nahi duten orduan atera daitezke kalera 06:00etatik 23:00etara, eta ez ordu jakinetan, adinaren arabera, orain arte bezala (neurri hau atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak eta iragarkia BOEn argitaratu ondoren jarriko da indarrean).
  • Berriro ere aisialdiko arrantzan edo ehizan aritzeko baimena izango dute herritarrek, elkarren arteko distantzia fisikoa gordeta.
  • Denda eta tabernek, berriz, aurreko astean jarritako neurriak betetzen segitu beharko dute, horietan baldintzak ez dira-eta aldatuko, hasiera batean, 2. fasean sartu arte. Aldaketa bakarra da merkealdia egiteko aukera izango dutela dendek azkenean, Espainiako Gobernuak hasiera batean ezetz esan bazuen ere.