Datorren astelehenetik aurrera deskonfinamenduaren lehen fasean sartuko gara, eta horrek zenbait aldaketa ekarriko ditu. Aldaketa nagusiak zein diren azaldu nahi du Udalak ohar honen bidez.
Udaletxea
- Egoera ez da aldatuko. Udaletxeak itxita segituko du, baina herritarrek aukera izango dute hitzordua eskatzeko, beharrezko tramiteak egiteko edo udal-teknikari edo politikariekin geratzeko.
- Udalak manparak jarri ditu herritarrak hartzeko lanpostuetan eta eskuak garbitzeko gel-banagailua jarri du udaletxeko sarreran, gainerako eraikin publikoetan bezala.
Igogailuak
- Herriko bi igogailu publikoak (plazakoa eta kultur etxearen atzekoa) ireki egingo ditu Udalak deskonfinamenduaren lehen fasean, baldintza jakin batzuetan erabiltzeko: maskara jantzita, bakarka (edo, mendeko pertsonen kasuan, zaintzailearekin) eta eskuak aldez aurretik garbituta. Udalak gel-banagailuak jarriko ditu sarreretan.
Aparkaldi mugatua
- Aparkaldi mugatuko ordutegia berriro jarriko da martxan astelehenetik aurrera eta, beraz, nahitaezkoa izango da berriro «erloju horia» erabiltzea aparkaldi mugatuko eremuetan ordubetez aparkatu ahal izateko.
Kultura
- Kultur etxeak itxita segituko du oraingoz.
- Liburutegitik maileguak hartzeko aukera izango dute erabiltzaileek, aldez aurretik eskaera eginda (liburutegia@orio.eus edo 943 833 377). Telefonoz eskaerak egiteko ordutegia hau izango da: 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Maileguan eskatutako liburuak kultur etxeko sarreran jaso beharko dituzte erabiltzaileek 09:00etatik 13:00etara bitartean eta 16:00etatik 18:00etara bitartean. Norbaitek ordutegi horretan ezin badu, telefonoz hitz egin behar du Miren Andueza liburuzainarekin, nola egin adosteko. Herritarrek etxean dituzten mailegatutako liburuak jasotzeko, kultur etxeko atearen ondoko kutxa irekiko da, eta hor utzi beharko dira liburuak. Itzulitako liburuak kutxatan gordeko dira bi astez.
- Danbolin musika-eskolak itxita segituko eta irakasleek klaseak online emango dituzte, azken bi hilabeteotan bezala.
Merkataritza
- Dendak eta zerbitzuetako establezimenduak ireki ahal izango dira, baina baldintza jakin batzuetan: ohiko aforoaren %30arekin eta bi metroko segurtasun-distantziak errespetatuz.
- Terraza duten tabernek ere ireki ahal izango dute, terrazatan edariak eta janariak zerbitzatzeko (orain arte, janaria etxera eramateko baimena baizik ez zuten). Terraza handitzeko aukera dutenek handitu ahal izango dute erabiltzen duten azalera, betiere Udalak baimenduta eta jendearen pasaera eta bestelako erabilera-eskubideak errespetatuta.
- Osteguneko azoka berriro egingo da datorren ostegunetik aurrera, ikastola aurrean, baina baldintza jakin batzuk beteta: Udalak markatutako ibilbidetik ibili beharko dute erosleek, maskara jantzita eta bi metroko distantzia gordeta. «Saltzaile bat, bezero bat» araua aplikatuko da, eta bezeroek ezin izango dute jeneroa eskuz ukitu.
Kirola
- Kiroldegiak eta Udaleko gainerako kirol instalazioek (Arraunetxe, pilotalekua, surfeko lokala…) itxita segituko dute oraingoz.
- Orain arte bezala, kalean egiten den banakako kirola eta elitekoa baizik ez dira baimenduko. Kirol egiten ari direnek aukera izango dute, orain arte ez bezala, ondoko herri batera ere joateko, herriko mugen barruan ibili behar izateko partez.
Turismoa
- Udal-kanpina prestatzen ari da ahal den bezain azkar ateak ireki ahal izateko. Irekitzen denean, ahalik eta afororik handienarekin irekiko da eta, hori bai, garbiketak areagotu beharko ditu zerbitzu guztietan.
- Turismo-bulegoak itxita segituko du oraingoz.
- Begi-Bistan enpresak Arraunetxen ematen dituen zerbitzuak (bisita gidatuak, jaitsierak, arraun-jarduerak, ontzien alokairua…) martxan jarriko dira, pixkanaka, eskaeraren arabera, segurtasun-baldintza zorrotzak beteta. Informazioa eta erreserbak: 657 794 677 / info@begi-bistan.com
- Udalak erabaki du dagoeneko aurtengo udan ez dela ibiliko txu-txu trena, segurtasun-baldintzak betetzeko zailtasunagatik.