Filmazpit programaren barruan antolatu du Udalak zine-emanaldia. Programa horren bidez euskarazko azpitituludun zinema sustatu nahi dute Zineuskadi elkarteak eta Donostia Kulturak, programaren bultzatzaileek.
Filmazpit programak hainbat film eskaintzen dizkie udalei, beti jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulatuta. Orioko Udalak programarekin bat egitea erabaki du eta, aldian behin, Filmazpiten katalogoko filmak emango ditu bere kultur agendaren barruan.
Lehenbizikoa ‘Difret’ da. Emanaldia azaroaren 13an izango da, 22:30ean hasita, kultur etxean, ‘Euskaraz bizi-bizi’ programaren barruan.
Difret
‘Difret’ Etiopiako pelikula bat da, Zeresenay Berhane Mehari zuzendariak 2014an egindakoa. Hainbat sari irabazi ditu, Berlinen eta Sundance zinema-jaialdian, besteak beste.
Addis Abeban, Meaza Ashenafi abokatuak legelari baten babesa behar duten emakumeei eta haurrei laguntzeko sare bat sortu du. Poliziaren eta gobernuaren etengabeko xaxatzeari aurre egin beharko dio. Hala ere, Hirut 14 urteko neskatoa defendatzera ausartuko da. Hirut, ikastetxetik itzultzen ari zela, bahitu eta bortxatu egin zuten, baina berak bahitzaile bat hil eta ihes egitea lortu zuen. Bere buruaren defentsan egin zuen arren, heriotza-zigorra jasotzeko arriskuan dago Hirut.