Dikeko eta Kofradiako Planari buruzko erakusketa uztailaren 22tik 30era izango da zabalik Arraunetxen, eta informazio-saioa uztailaren 23an egingo da

Gaur, uztailak 21, zabaltzekoa zen erakusketa, baina, arazo tekniko batzuk tarteko, prestaketa-lanak atzeratu egin dira eta bihar zabalduko da, arratsaldean. Informazio-saio irekia, berriz, uztailaren 23an egingo da, 19:00etan, Arraunetxen bertan.

Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituko aldaketa puntuala

Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituan aldatzeko tramitazioa abiatu du Udalak eta, tramitazio horren barruan, herritarrek parte hartzeko plan bat jarri du martxan, aldaketaren sustatzailearekin batera.

Herritarrek jakin dezaten zein den planteatzen den aldaketa, erakusketa jarriko da Arraunetxen uztailaren 22tik 30era bitartean eta nahi duten guztiek bisitatu ahal izango dute. Erakusketa hainbat panelez osatuta dago eta, panel horien bidez, Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituan planteatzen den garapena azaltzen da, datu zehatzak emanez: eraikiko den etxe-kopurua, horien ezaugarriak, espazioen antolamendua, dotazioak…

Erakusketa egun eta ordu hauetan izango da zabalik:

  • Uztailak 22, 18:00 – 20:00
  • Uztailak 23, 10:00 – 12:00
  • Uztailak 27, 18:00 – 20:00
  • Uztailak 28, 10:00 – 12:00
  • Uztailak 29, 18:00 – 20:00
  • Uztailak 30, 10:00 – 12:00

Ikusita erakusketa beranduago zabalduko dela, Udalak, jendeak erakusten duen interesaren arabera, baloratuko du ea merezi duen egun batzuk gehiago luzatzea abuztuaren hasieran.

Informazio-saioa uztailaren 23an, 19:00etan

Erakusketaz gain, jendaurreko informazio-saio bat egingo dute aldaketaren sustatzaileek. Dikeko eta Kofradiako Kontzertazio Batzordea da Plan Orokorraren aldaketa hau sustatu duena eta proiektua idatzi duen taldeak emango ditu azalpenak informazio-saioan.

Saioa uztailaren 23an egingo da, Arraunetxen bertan, 19:00etan hasita, eta irekia izango da interesa duten guztientzat. Bilera horretan, xehetasunez azalduko dira planeamendu-aldaketaren alternatibak eta helburuak, proposamenak, egindako txostenak eta abar. Aldaketa-proiektua idatzi duen taldeak gidatuko du saioa eta bertaratuen galderei erantzungo die, proiektuaren arrazoiak eta justifikazioak argituz.

Informazio-saioa egin ondoren, 10 eguneko epea irekiko da interesa duen edozein herritar edo elkartek egoki iruditzen zaizkion iradokizunak edo alegazioak aurkezteko.

Erakusketan jarritako informazio-panelak hemen ere ikusi eta deskargatu daitezke, PDF formatuan:

Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituaren aldaketa puntualari buruzko informazioa (PDF)

Norbaitek informazio zehatzagoa nahi badu, Udalera jo besterik ez du eta han ikusi ahal izango ditu espedienteko dokumentuak.