Ekainaren 1ean indarrean sartu den TAO sistema berria aurkeztu du Udalak

Anuska Esnal Orioko alkateak eta Ainara Munduate hirigintza-zinegotziak agerraldia egin dute gaur, ekainak 1, Orioko udaletxean, gaur bertan indarrean sartu den TAO sistema berriaren inguruko azalpenak emateko.

Esnalek azaldu duenez, duela 2 urte inguru hiru korapilo nabarmen identifikatu zituzten: erlojuen-sistema, udaltzainen dedikazioa eta mugikortasunari lotutako ohiturak. «Erlojuen sistemak muga asko zituen, nagusiki kanpotik zetozenek ez zutelako sistema ulertzen. Udaltzainei dagokienez, berriz, kopuru mugatua dugu herrian, eta beste alor batzuetan hutsuneak sortzen ziren aparkalekuak zaintzen egon behar zutelako. Egoera horren aurrean, TAO makinak jartzeko aukera aztertzen hasi ginen, nagusiki sistema errentagarri egiteko eta herriko mugikortasuna hobetzeko».

Horrez gain, TAO sistematik harago, Udalak beharrezko ikusi zuen herri osoari eragingo zion aparkalekuen ordenantza berria lantzen hastea, eta hainbat bilera ireki egin zituen merkatari, ostalari eta herritarrekin, haien beharrak eta kezkak ezagutzeko. Herritarrek agertu zuten kezka nagusia aparkatzeko arazoena zen, eta horri erantzuna emateko, besteak beste, landu du Udalak proposamen berria.

Urte hasieran onartu zuen udalbatzarrak ordenantza, eta lehen hobekuntzak egin ditu Udalak dagoeneko: zamalanak egiteko eremuak, motoentzako aparkalekuak eta ibilgailu handientzako eremuak zehaztu dira, besteak beste. Munduateren hitzetan, «Herritarren proposamenetatik sortutako planteamendua da hau, eta denborak esango digu asmatu dugun ala aldaketa gehiago egitea beharrezkoa den».

 

Aparkatzeko Udal Txartela

Orion erroldatutako ibilgailu guztiek Aparkatzeko Udal Txartela doan jasoko dute, oinarrizko baldintzak beteta. Maiatzean bidali dira txartelak etxeetara, eta eskaera egiteko epea zabalik da oraindik. Txartelak ibilgailuaren matrikula du eta ezin da eskualdatu. Berrikuntza iraupenean dago, aurrerantzean, bi urte naturaleko iraupena izango duelako (aurtengoa, 2023ko abendura arte), eta epe hori bukatutakoan, automatikoki berrituko da, baldintzak betetzen badira.

Gainera, Aparkatzeko Udal Txartela eskuratu dezakete bestelako egoera batzuetan dauden herritarrek ere: autoa alokairuan duten bertako bizilagunek, enpresako ibilgailua erabiltzen duten bertako bizilagunek, Orion erroldatuta ez dauden baina herrian lan egiten duten langileek, Orion bigarren etxebizitza dutenek eta Aian erroldatutakoek. Pertsona horiek, baldintzak betetzen badituzte, txartela lortu ahal izango dute 80 euroan, eta urte natural bateko epea izango du (aurtengoa, 2022ko ekainetik abendura).

 

Herria, lau eremutan

Aurrerantzean, herriko aparkalekuak lau eremu nagusitan banatuko dira:

  • Bertakoentzako eremuak
  • Errotazio handiko eremuak
  • Egonaldi laburreko eremuak
  • Egonaldi luzeko eremuak

Horietako bakoitzak bere ordutegia eta ezaugarriak izango ditu, eta aldaketak eragina izango du oriotarren aparkatzeko ohituretan. Hemen ikus dezakezue egutegia eta ordutegiak azaltzen dituen orria.

Aparkatzeko Udal Txartela dutenak

Aparkatzeko Udal Txartela duten ibilgailuek edozein lekutan aparkatu ahal izango dute denbora-mugarik eta tiketik gabe, bi eremutan izan ezik: egonaldi laburrekoetan eta errotazio handikoan.

  • Egonaldi laburrekoak

Herriko lau kale dira egonaldi laburreko eremu izendatutakoak, orain arte erloju bidez funtzionatu dutenak: Eusko Gudarien kalea, Arrantzale kalea, Abeslari kalea eta Ibai-Ondo kalea. Herriko saltoki gehienak bertan pilatzen dira, eta tiketa makinan ateratzea edo aplikazio bidez kudeatzea ezinbestekoa izango da. Lehen 30 minutuak doan izango dituzte, eta gehienez, 90 minutuz aparkatu ahal izango dute, 50 zentimo ordainduta. Denbora-mugak egun osoari egiten dio erreferentzia eta, beraz, kaleetako batean 15 minutuz egon ondoren albokora mugitzen denak, bakoitzean pasatutako minutuak batu beharko ditu, guztira ordu eta erdi egin arte.

  • Errotazio handiko eremua

Mollan soilik egongo da. Ez da tiketik atera beharko, baina 15 minutuko denbora-muga errespetatu beharko da.

GALDERAK:

Futbol zelaiko eta hondartza inguruko aparkalekuetan Aparkatzeko Udal Txartelarekin aparkatu daiteke?

Bai, tiketik atera gabe. Tiketak txartelik ez dutenek soilik atera beharko dute.

Marra txuriz markatutako aparkalekuetan, orain arte bezala aparkatu ahal izango da?

Bai.

Egonaldi laburreko eremuetan, lehen doako 30 minutuetarako tiketa atera beharko da?

Bai.

Lehen doako 30 minutuak ere pilatu egiten dira egun osoko denbora-mugan?

Bai, doan izan arren, makinak matrikulari lotuko dizkio, eta beraz, egun osoko minutuak batuko ditu.

Tiketa eta isunak kudeatzeko App-a egongo da erabilgarri?

Bai.

Aparkatzeko Udal Txartela ez dutenak

Aparkatzeko Udal Txartela ez dutenek eta herrira etorritako bisitariek, ezin izango dute bertakoentzako gordetako eremuetan aparkatu. Errotazio handiko eremuetan, ibilgailu orok bezala, 15 minutuko muga errespetatu beharko dute, eta egonaldi luzekoetan, futbol zelaiko eta hondartza inguruko aparkalekuetan, tiketa atera eta dagokion tarifa ordaindu beharko dute. Egonaldi laburreko eremuetan, azkenik, lehen 30 minutuak doan izango dituzte, eta hurrengo 90 minutuetan (gehienez) euro 1 ordaindu beharko dute, dagokion tiketa aterata.

Desgaitasuna duten pertsonen Aparkatzeko Txartela

Gainera, desgaitasuna duten pertsonen Europako Aparkatzeko Txartela dutenek berentzat egokitutako aparkalekuetan utzi beharko dute ibilgailua. Haietan lekurik ez badute, edozein eremutan aparkatu ahal izango dute ordaindu gabe, baina tiketa aterata. Aparkaleku hauek zentzuz erabiltzeko deia egin du Udalak.

 

Abantailak eta zalantzak

«Ez da diru-bilketari begira hartutako erabakia, prezioak ikusi besterik ez dago. Aldaketa honek herriaren mugimenduan eragina izango duela uste dugu. Jasangarritasunari eta mugikortasunari lotutako eredu berri bat sortu dezakegu eta, era berean, udaltzainak liberatuko ditugu, dagozkien lanak egin ditzaten. Ohiturak aldatzea bilatzen duen berrikuntza da», nabarmendu du Esnalek.

Munduatek gehitu duenez, «Aldaketa guztiek bezala, honek ere ezinegona eta zalantza ugari sortu ditu herritarrengan. Udaletik, lasaitasuna eskatu nahi dugu. Badakigu bat-batean informazio asko ematen ari garela, baina uste dugu, behin martxan jarrita, berehala egokituko garela sistema berrira». Urtero egingo dituzte sistema baloratzeko bilerak, eta udaletxeko ateak zabalik daudela gogorarazi du, zalantzak argitzeko.

Aparkalekuak erregulatzeko udal-ordenantza (PDF)
Aparkalekuen ordenantzari buruzko diptikoa (PDF)