Enpresei diru-laguntzak emateko deialdia egin du Udal Elkarteak, langabetuak kontratatu ditzaten

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdi bat egin du, eskualdeko enpresentzat, eskualdeko langabeak kontratatzeko. 99.000,00 euro emango ditu diru-laguntzatan. Eskabideak aurkezteko epea amaituko da 2016-10-28an. Diruz lagunduko dira 2016-09-01etik 2017-05-31ra doan epealdiaren barruan egindako kontratuak.

Deialdiaren helburuak

Krisialdiaren ondoriorik larrienetako bat enpleguaren galera izan da. Azken hiru urteetan, ordea, enplegua sortu eta langabezia tasak behera egin du gure eskualdean, krisialdiaren aurreko urteetako tasetatik oraindik urrun dagoen arren. Hala ere, gizatalde batzuk beste batzuk baino zailtasun handiagoak dituzte lana lortzeko (emakumeek edo 45 urtetik gorakoek…). Horrekin batera, krisialdiak eragin nabarmena izan du enpresen lehiakortasunean eta urte zailak igarotzen ari dira enpresa asko eta asko, merkatuaren eskakizunetara moldatzeko eta berritzeko ahaleginean.

Deialdi honen helburua, beraz, bikoitza da: alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzen; eta, beste alde bestetik, enplegurako politika aktiboak indartu eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten gizataldeetako pertsonak kontratatzea saritzea. Hori lortzeko, hain zuzen ere, bideratu da eskualdeko enpresentzako diru-laguntza deialdi hau, langabeak kontrata ditzaten.

99.000 euro eskualdeko enpresen artean banatzeko

Diru-laguntza programa hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak finantzatuko dute. Diru-laguntza hauetarako 99.000,00 euroko aurrekontu publikoa erabiliko da, horietatik 74.246,90 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuko ditu eta gainerako 24.753,10 euro Urola Kostako Udal Elkarteak.

Deialdi hau kokatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2016ko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen barruan (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2016ko ekainaren 15eko erabakia, EHAA 2016-06-16).

Deialdiaren ezaugarriak

Deialdi honen helburua da laguntza ekonomikoak ematea eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaiako) enpresa txiki eta ertainei, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsona langabeak kontratatzeko.

Eskabideen balorazioan bereziki baloratuko dira emakumeak edo eta 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzen dituzten enpresen eskabideak.

Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren kontratazioak 2016ko irailaren 1etik 2017ko maiatzaren 31era bitarteko epean egingo dira. Beraz, diruz lagundutako kontratua 6 hilabetekoa baldin bada, 6 hilabete horiek aipatutako epealdiaren barruan egon behar dute, hau da irailaren 1etik 2017ko maiatzaren 31ra doan epealdiaren barruan.

Diru-laguntza eskatu ahal izango da deialdi hau argitaratzeko unean dagoeneko formalizatuta dauden kontratuentzat (betiere 2016-09-01etik aurrera egin bada) edo oraindik egin gabe dauden kontratuentzat.

Kontratuen iraupena eta lanaldia

Diruz lagunduko diren kontratuak izango dira gutxienez 3 edo 6 hilabetekoak, lanaldi osokoak edo eta gutxienez %50eko lanaldia dutenak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa

Diru-laguntzen zenbatekoa 1.500,00 eta 9.000,00 euro bitartekoa izango da, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien eta kontratuaren iraupen eta lanaldiaren arabera.

Kontratatutako pertsonak

Diru-laguntza eskuratzeko, kontratatutako pertsonak hainbat baldintza bete behar ditu (ikus oinarriak), besteak beste:

  • Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egongo da enplegu eskatzaile gisa, langabezia egoeran.
  • Bere lana egingo du (edo atxikita egongo dira) eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) kokatutako lantokietan.
  • Eskabideen balorazioan lehentasuna izango dute eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) erroldatutako pertsonak kontratatzen dituzten eskabideek.

Eskabideak

Eskabideak aurkeztu behar dira Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Eskabideak egiteko epea hasiko da oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean eta amaituko da 2016ko urriaren 28an. Deialdia eta oinarriak laster argitaratuko dira GAOn.

Bete behar diren baldintzak

Bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan daude zehaztuta.

Oinarriak eta eskabideak egiteko ereduak eskura daude Udal Elkartearen webgunean:

http://www.urolakosta.eus/eu/-/urola-kostako-udal-elkartearen-diru-laguntzak-eskualdeko-enpresentzat-langabeak-kontratatzeko-2016-