Eskualdeko enpresa txikiei lan arriskuen prebentzioaren arloan laguntzeko programa jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak
Udal Elkarteak eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu. Lehiakortasuna hobetzeko, funtsezko eragile bat da laneko arriskuen prebentzioa, kalitatezko prebentzioak enpresei hobeak izaten eta emaitza hobeak lortzen laguntzen dielako. Euskadiko laneko ezbeharren kopuruak gora egin du eta, ondorioz, ezinbestekoa da laneko arriskuen prebentzioa gehiago lantzea.
Laneko arriskuen prebentzioaren araubidea ezagutu eta betetzea ez da erraza, bereziki enpresa txikientzat eta langileak dituzten autonomoentzat. Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat ekimen abiatuko ditu 2017an eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) enpresa txikientzat:
- Laneko arriskuen prebentzioan mikroenpresek dauzkaten betebeharren inguruko sentsibilizazio kanpaina (2017ko otsaila).
- Mikropreben programa: Mikroenpresen arduradunentzako laneko arriskuen prebentzioko prestakuntza programa (2017ko maiatzetik aurrera).
- “Zure enpresaren prebentzioa hobetu” programa: Enpresa txikietan laneko arriskuen prebentzioa hobetzeko programa (2017ko urtarriletik apirilera).
“Zure enpresaren prebentzioa hobetu” programa
Urola Kostako Udal Elkarteak martxan jarri berri duen programa da. Kasu askotan, laneko arriskuen prebentzioak ez du enpresentzat lehentasunik izaten, baliabide nahikorik ez dutelako eta behar beste informazio ez dutelako. Programa honen bidez enpresei laneko arriskuen prebentzioa hobetzen lagunduko diegu.
Horretarako, enpresei bisitak egingo dizkiegu, prebentzioaren arloan aholkularitza jaso dezaten DOAN eta KONFIDENTZIALKI.
Aholkularitza bisita hauek elkarrizketa baten bidez egingo ditugu eta, galdetegi batekin, aztertuko dugu enpresan prebentzioaren kudeaketa nola dagoen: prebentzioko modalitatea, arriskuen ebaluaketa, prebentzio jardueraren plangintza, dokumentazioa, erregistroak… Jasotako informazioa aztertu eta enpresari proposamen zehatzak egingo dizkiogu, prebentzioa hobetzeko: hobekuntzak, neurri zuzentzaileak…
Enpresak bere beharrei egokitutako aholkularitza tekniko pertsonalizatua jasoko du. Goi mailako laneko arriskuen prebentzioko teknikari batek egingo du aholkularitza-lan hori.
Enpresaren ikuspuntutik, bisita hauek interesgarriak dira, izan ere, kanpoko aditu baten ikuspegia jasoko du enpresan prebentzioa kudeatzeko erari eta egoerari buruz. Horrez gain, arriskuen ebaluazioaren, prebentzio neurrien eta prebentzioko dokumentazioaren “barne ikuskaritza” gisa ere bidera dezake.
Izena emateko epea
Izena emateko epea urtarrilaren 31n amaituko da.
Informazioa eta izen-ematea
- Urola Kostako Udal Elkartea
- Enpresentzako Zerbitzuak (Leire Ancin)
- Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
- Tel. 943890808
- prebentzioa@urolakosta.eus
- www.urolakosta.eus
Ekimenaren babesleak
Ekimena Urola Kostako Udal Elkarteak bideratzen eta kudeatzen du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babes eta diru-laguntzarekin (enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2016ko programa).