Udalak erretiratu egin ditu kaleen izenak markatzen dituzten plakak, eta berriak jarri ditu orain dela gutxi. Lehengo kale-plaka zaharrak hondakindegira botatzeko partez, herritarrei eskaintzea erabaki du. Badago jendea horrelako plakak nahi izaten dituena, dekorazio gisa erabiltzeko edota errekuerdorako jasotzeko, eta horiei plaka ekuratzeko aukera emango die Udalak.
Plaka zaharrak Udaleko bulego teknikoan daude eta bertatik pasatu behar dute interesatuek, jasotzeko. Udalak doan banatuko ditu plakak bukatzen diren arte. Sobran geratzen badira, horiek bota egingo ditu.
Banatzeko prozedura
Banaketa nolabait ordenatzeko, honako prozedura segituko du Udalak:
- Interesatuek udal bulego teknikora jo behar dute, plaka eskatzera, lan-orduetan: 08:30etik 14:30era.
- Interesatu bakoitzari plaka bat emango zaio, gehienez.
- Interesatuak aukera izango du berak nahi duen plaka hartzeko, momentu horretan geratzen direnen artean.
- Uztailaren 13a arteko epea izango da plaka hartzeko. Hortik aurrera, oraindik plakak geratzen badira, Udalak hondakindegira eramango ditu.