Xabier Lizaso oriotarra buru duen Do re ni elkarteak ikerketa zientifiko bat egin nahi du, gai hau aztertzeko: musikaren eragina zahartze osasungarrian eta zahartze aktiboan.
Eskualdeko 200 boluntario
Ikerketa hori egiteko, 55 urtetik gorako 200 boluntario behar ditu, Urola Kosta eskualdeko herrietakoak. Elkarteak dagoeneko bi bilera egin ditu Orion eta jende ugarik erakutsi du gaiarekiko interesa. Orain arteko azken bilera Orioko Salatxo aretoan egin zuen irailaren 10ean eta, argazkian ikusten denez, oso jendetsua izan zen.
Orion dagoeneko jende dezentek eman du izena boluntario izateko, baina orain epe bat zabaldu nahi dute, inguruko herrietakoak ere parte hartzera animatzeko.
Boluntario gisa izena eman nahi dutenek Orioko Udalera edo kultur etxera jo behar dute, eta fitxa bat bete. Izena emateko azken eguna irailaren 30a izango da.
Ikerketa zientifiko zabala
Ikerketa aurrera ateratzeko, adituen laguntza izango du Do re ni elkarteak:
- Jose Manuel Lopez Bragado, Osakidetzako Osasun Mentaleko burua
- Nicola Molinaro, BCBLko zientzialaria (Basque Center on Cognition, Brain and Language)
- EHUko robotika departamentua
Bestalde, Josean San Miguel konpositorea eta Juan Kruz Igerabide idazlea ere ari dira lanean Do re ni elkarteak osatutako lantaldean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza eskatu dute ikerketa egiteko. Urola Kostako Udal Elkarteak eta Orioko Udalak ere babesten dute egitasmoa.
Musikaren eragina garunean
Zergatik egin nahi da ikerketa hau? Neurozientzialariek diotenez, musikak beste edozerk baino gehiago estimulatzen du garuna. Rafael Yuste neurozientzialari ezagunak dio honako hiru egoeretan egiten duela garunak lan gehien: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean eta musika egiten dugunean.
Gizarteak estetikaren alorrean baloratu izan du musika orain arte, baina Do re ni elkarteak, ikerketa honen bidez, frogatu nahi du musika garrantzitsua dela garunaren garapenerako eta, bereziki, tresna baliagarria dela adineko jendearen zahartze aktiboa laguntzeko. Musika gure bizitza estiloan integratzeak onurak dakarzkio garunari. Hori frogatu nahi dute ikerketa zabal horren bidez.