Euskal Herriko 56. itzuliaren 4. etapa Orion bukatuko da ostegunean, eta 5. etapa Oriotik abiatuko da ostiralean

Euskal Herriko Itzuliak 56. edizioa du aurtengoa. Apirilaren 4an hasi eta 9an bukatuko da.

Ostegunean eta ostiralean Orio inguruan ibiliko da: ostegunean, apirilak 7, Orion amaituko da etapa, arratsaldean, eta horren aurretik herritik pasako da. Apirilaren 8an, berriz, ostiralarekin, Orion emango zaio hasiera Itzuliaren 5. etapari.

Bi egun horietan, beraz, aldaketa batzuk izango dira herriko trafikoan.

Osteguneko ibilbidea

Euskal Herriko Itzulia N-634 Donostia aldetik iritsiko da Oriora eta, lehen igaroaldian, honako ibilbidea egingo du: Antxiola, Kale Nagusia, San Martin ermita, Txanka-Hondartzako bidea, Hondartza kalea, Eusko Gudar kalea, Kaia kalea, Herriko Plaza, Aritzaga kalea eta Aita Lertxundi kalea. Ondoren, zubia pasa eta Aiara igoko dira ziklistak, Santiagoerreka auzotik eta Andatza auzotik barrena. Aiatik Zumaia aldera joko dute eta, handik, buelta hartuko dute berriro Aiara jotzeko. Ubegun poligonotik sartuko dira Altxerriko bidean eta Errotatik gora igoko dira Aia aldera. Lokateko bidegurutzean behera hartu eta, segidan, ‘Aiako pareta’ igoko dute. Handik Oriora itzuliko dira gero; Txanka-Hondartza errepidetik sartuko dira eta Hondartzan amaituko da etapa.

Trafiko aldaketak

Itzulia N-634 errepidetik pasa bitartean trafikoa moztu egingo da.

Bestalde, galarazi egingo da Orioko kale hauetan aparkatzea:

  • Antilla kalea.
  • Hondartza kalea.
  • Kirol Portuko Aparkalekua.
  • Eusko Gudari kalea.
  • Herriko Plaza.
  • Aritzaga
  • Antxiola

Kale horietan galarazita egongo da aparkatzea apirilaren 7ko 08:00etatik 17:30era.
Normalean kale horietan aparkatzen dutenek Mendibeltz zelaiaren ondoko aparkalekua erabili ahal izango dute.

Ostiralean Oriotik abiatuko da etapa
Itzuliaren 5. etapa Orioko Herriko Plazatik abiatuko da goizean. Hori dela-eta, herrira sartzeko edo herritik ateratzeko, Txanka-Hondartza errepidea erabili beharko da.
Ondoko kaleetan galarazita izango da aparkatzea etapa abiatu arte:

  • Arrantzale kalea.
  • Herriko Plaza.
  • Aritzaga kalea.
  • Kaia kalea.

Kirol proba ikustera etorriko diren guztiei Udalak eskatzen die zorrotz betetzea antolatzaileek emandako aginduak, dena ondo atera dadin eta arazorik ez izateko.