Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da larunbatean Orion

eskolartekotxapelketa14Ekainaren 21erako egun osoko festa ederra antolatu da Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren harira.

Goizeko 11:00etan 15-18 urte artekoen bat-bateko finala izango da, eta, arratsaldez, 15:00etatik aurrera, bertso-eskolen emanaldiak eta erromeria.

Gaur aurkeztu da finala Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izan dira: Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Beñat Solaberrieta, Orioko alkatea eta Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakaria (goiko argazkian).

26. edizioa du aurtengoa EHko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak. Ekainaren 21ean Orion ospatuko den finalak herrialdeetan gauzatu den Eskolarteari azken errematea jarriko dio. Finala jokatzeaz gain, egun osoko festa izango da herrian.

PROGRAMA

11:00etan bat-bateko txapelketa finala, Karela kiroldegian.

Bertsolariak 15-18 urteko 11 gazte izango dira: herrialde bakoitzeko txapelduna eta txapeldunordea.

  • Arabatik Peru Abarrategi (1997, Aramaio) eta Maddalen Arrausi (1997, Gasteiz).
  • Bizkaitik Asier Galarza (1996, Muxika) eta Aitor Bizkarra (1996, Abadiño).
  • Gipuzkoatik Maider Arregi (1996, Oñati) eta Iñigo Ibañez (1997, Azpeitia).
  • Lapurditik Aitor Servier (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco (1998, Lekuine).
  • Nafarroatik Mikel Lasarte (1996, Barañain) eta Maddalen Lopez (1997, Lesaka).
  • Zuberoatik Ibai Capot (1997, Zalgize).
  • Saioan egin beharreko lanak hauek izango dira:
  • Hasierako agurra. Gehienez 5 puntuko neurrian.
  • 8ko handian 2na bertso. Ofizioko gaian, binaka.
  • 8ko txikian 2na bertso. Ofizioko gaian, binaka.
  • Bakarka bertso bana. Gehienez 5 puntuko neurrian. Gaia emanda.
  • 3na kopla trikitilarien laguntzarekin. Binaka edo hirunaka, gaia emanda.
  • Bukaerako agurra. Gehienez 5 puntuko neurrian.

Gai-jartzaile taldean Gipuzkoako bertso-eskoletako gazteok hartu dute parte, Inaxio Usarralde eta Egoitz Aizpuru gidari zituztela: Maddi Alberdi, Maier Fernandez, Nahia Fernandez, Amaia Palazuelos, Aizpea Garmendia, Peru Gabirondo eta Iñaki Rezusta.

Epaile taldea, herrialde bakoitzeko epaile banak osatuko dute: Hodei Lopez de Arkaute (Araba), Jurgi Fuentes (Bizkaia), Zigor Leunda (Gipuzkoa), Joakin Arregi (Lapurdi), Nerea Bruño (Nafarroa), Beñat Soule (Zuberoa). Idazkari lanetan Maiteder Sasieta ariko da.

Kopletako ariketan, bertsolariek Asier Alcedo eta Eneko Alda trikitilariak izango dituzte lagun.

Saioa Beñat Gaztelumendik aurkeztuko du eta Maialen Lujanbiok jantziko dio txapela nagusitzen denari.

Sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo den negulekua izango da. 2014ko Gabonetako oporraldietan antolatuko dira, lehen aldiz, EH mailako negulekuak; 15-18 urteko gazteei zuzenduta, aterpetxe batean. Bertan parte hartzeko aukera zabalduko zaie bertso-eskoletako gazte guztiei. Eskolartekoan EHko finalista izan direnek, berriz, dohainik izango dute egonaldia, huraxe izango baitute sari nagusia.

HERRI BAZKARIA

14:00etan herri bazkaria izango da plazan. Bertako produktu ekologikoekin egina

Plazan 200 lagunentzat bazkaritarako tokia jarriko da. Herri bazkaritarako txartelak aurrez hartu behar ziren, eta 140 lagun elkartuko dira. Horiez gain, bazkaria etxetik dakartenentzat ere mahaiak eta aulkiak jarriko dira.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (ENEEK) elkarlanean, plazan eskainiko den herri bazkarian bertako produktu ekologikoak izango dira oinarri.

ARRATSALDEKO SAIOA

15:00-18:00etara bertso-eskolen emanaldiak eta erromeria, plazan

Arratsaldeko festari Orioko bertsolari beteranoa den Patxi Etxeberriak eta Maialen Lujanbiok emango diote hasiera, libreko saioan. Ondoren, herrialde askotako bertso-eskolek prestatutako emanaldiak etorriko dira.

16:00etatik 18:00etara erromeria izango da, “Obaneuke” taldearekin.

ANTOLATZAILE ETA LAGUNTZAILEAK

Eskolarteko Txapelketa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.

EH-ko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini duten erakundeak hauexek izan dira: Orioko Udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.