Euskaltegirako Udalak egokitu duen lokal berria martxan dago urriaren hasieraz geroztik; baina ostegun honetan, urriak 15, inauguratu zen ofizialki.
Ekitaldian alkateak eta hainbat zinegotzik parte hartu zuten, Udalaren izenean, eta, horiez gain, bertan izan ziren, baita ere, AEK-ko irakasleak eta Gipuzkoako koordinatzaileak. Karkarak utzitako argazkian ageri dira, baita ere, arratsaldetan Euskaltegiaren hasierako maila egiten ari diren ikasleetako batzuk.
Euskara ikasteko aukera ona
Ekitaldiari hasiera emateko, alkateak eta euskara batzordeko buruak hartu zuten hitza. Gogorarazi zuten aurretik datorren ekimen bat dela Orion euskara ikasteko zerbitzua hobetzearena, eta nabarmendu zuten Udala osatzen duten alderdi guztiak bat etorri direla egitasmoa bultzatzeko, nahiz eta zerbitzuaren kokapenari buruz desadostasun batzuk izan dituzten. Azpimarratu zuten Oriok orain aukera ona eskaintzen diela euskara ikasi nahi dutenei eta herritarrak animatu zituzten zerbitzua erabiltzera eta euskara ikastera.
AEKren izenean Marian Astigarraga Gipuzkoako koordinatzaileak eta Amaia Zaldua irakasleak hitz egin zuten eta adierazi zuten oso pozgarria dela berentzat horrenbeste jende matrikulatu izana. Lana gogor egingo dutela agindu zuten, sortutako espektatibei behar bezala erantzuteko.
Euskaltegiko komuna erabiltzeko aukera
Lurdes Salsamendi Euskara batzordeko kideak adierazi zuen, baita ere, edozein herritarrek izango duela aukera euskaltegiko komuna erabiltzeko, euskaltegia irekita dagoen orduetan. Kultur etxeko edo udaletxeko komunekin bezala jokatuko da aurrerantzean euskaltegikoarekin ere: bertako ikasle eta irakasleek erabiltzeaz gain, herritarrek ere erabili ahal izango dute, betiere lokala irekita dagoen orduetan.