Euskara ikastaroa etorkinentzat

Udaleko Euskara batzordeak euskara ikastaro laburra antolatu du herriko etorkinentzat: AISA ikastaroa.

HABEren eta Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzaren laguntzarekin antolatu du.

Ikastaroa 16 urtetik gorako etorkinentzat antolatu da; bereziki, etorri berrientzat eta euskararekin orain arte harreman gutxi izan dutenentzat.

Helburua

AISA ikastaroaren helburua etorkinei euskal kultura ezagutzen hasteko bidea eskaintzea da, euskarazko oinarrizko kontu batzuk ikasiz.

Ikastaroan eguneroko bizitzan baliagarriak diren gauzak ikasiko dituzte: agurrak, zenbakiak eta oinarrizko hitz eta adierazpideak hainbat gairi buruz: familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola…

Iraupena

Ikastaroa 60 ordukoa da eta, hasiera batean, bina orduko hiru saio izango dira astean. Ikastaroa otsailean hasiko da.

Izen-ematea

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek Udaleko Euskara Zerbitzuan eman behar dute izena, urtarrilaren bukaera baino lehen. Horretarako, 943 83 03 46 telefonora deitu behar dute goizean, 8:30etik 14:30era.

Arratsaldez ere eman dezakete izena, Orioko kultur etxean, 16:30etik 20:00ak arte.

Prezioa

Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da eta, prezio horren barruan dago bertan erabiliko duten materiala ere: hiztegia, fotokopiak…