‘Euskaraz bizi-bizi’ prestakuntza-saioaren bigarren buelta izango da asteazkenean

Orioko Udalak beste prestakuntza-saio bat antolatu du, ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan, euskaraz bizi nahi duten elkarte eta norbanakoei zuzendua. Joan den maiatzaren 29an egin zen aurrenekoa eta ekainaren 5ean izango da bigarren (eta azken) hau, asteazkenarekin.

Lehen saioan 30 lagunetik gora parte hartu zuten eta Udalak parte-hartze mailaren oso balorazio positiboa egin du. Bigarren saio honetara gonbidatuta daude bai aurrekoan parte hartu zuten guztiak eta bai  hartan parte hartu ezin izan zutenak. Udalak dei egiten die herriko euskaltzale guztiei, bertaratzeko eta, talde-lanean, elkarren kezkak konpartitzeko.

Saioa SALATXO areto berrian izango da, 18:30ean hasita, eta irekia da gaiarekin interesa duten guztientzat.

HELBURUA

Prestakuntza-saioaren helburua honako hau da: arnasguneetako biztanleei —oriotarrei, kasu honetan— ikusaraztea nolako garrantzia duen bakoitzak euskara erabiltzearen alde egunero erakusten duen jarrerak, eta ulertaraztea herritar bakoitzak egunero egiten dituen aukera kontzienteen araberakoa izango dela euskararen etorkizuna. Hiztun kontzienteak sortzea da euskalgintzak gaur egun duen erronka nagusia eta horretarako tresnak ematea da prestakuntza-saioaren bidez Udalak lortu nahi duena.