Euskarazko jolas, kantu eta kontu txikiei buruzko ikastaroa

Hemezortzi orduko ikastaroa izango da, oso interaktiboa, eta haur txikien gurasoei zuzendua dago, batez ere.

Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu du ikastaro berezi hau, Orioko haur txikien gurasoentzat. Euskara Biziberritzeko Planaren barruan antolatu du ikastaroa Euskara Zerbitzuak.

Guraso gazte askok ez du jakiten semearekin edo alabarekin erabiltzeko moduko jolas edo haur kanta euskaldunik eta, askotan, txikitan erdaraz ikasitakoak erabiltzen ditu.

Euskal tradizioan, ordea, kantu eta jolas mordoa dago, jendeak gutxi ezagutzen dituenak, eta horiek ezagutaraztea izango da ikastaroaren helburua.

Ikastaroak 18 ordu iraungo du, bina orduko bederatzi saiotan banatuta. Klaseak astean bitan emango dira. Euskara Zerbitzuaren asmoa 12-15 laguneko taldea osatzea da.

Bi zati izango ditu ikastaroak: lehenbizikoan haur txikiekin egin daitezkeen jolasak erakutsiko dira, eta bigarrenean, kantuak eta kontu txikiak erakutsiko dira. Irakasle Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kideak arituko dira.

Izena emateko

Izena eman nahi duenak Kultur Etxera jo behar du edo 943 13 44 09 telefonora hots egin.

Parte hartzaile bakoitzak 12 euroko matrikula ordaindu beharko du.