Euskarazko produktuen katalogoa banatuko du Udalak buzoitan

Euskarazko produktuen aurtengo katalogoak haur eta gazteentzako merkatuan salgai dauden ehunka produktu berriren eskaintza biltzen du.

Orioko buzoi guztietan banatuko da katalogoa datozen egun hauetan.

Urte garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, aurten ere, Euskal Herri osoko 111 Udal eta Mankomunitateetako Euskara Zerbitzuk. Izan ere, Euskal Herri osoko teknikariez osatutako lantaldea arduratzen baita katalogo hau prestatzeaz, eta euskara normalizatzeko egitasmoen inguruan, egitasmo hau da Euskal Herri mailako teknikariak elkarlanean ari diren bakarrenetako bat.

Adin guztietarako produktuak

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Zehazki, paperezko edizioan 317 produkturen berri jasotzen da eta interneteko edizioan, aldiz, argitaletxeetatik jasotako produktu guztien erreferentziak agertuko dira, kasik 400 denetara. Horretarako, www.katalogoa.org web gunean sar daiteke, eta nahi izanez gero, katalogoaren PDF dokumentua ere jeitsi daiteke bertatik. Bistan dena, Katalogoan ageri diren produktu horiek guztiak jada merkatuan daude salgai, eta interesatuak bere ohiko saltoki edo liburu dendetan eskuratu ahal izango ditu.

Zortzi ataletan sailkatuta, nagusiki aurten kaleratu diren produktu berriak jaso dira Katalogoaren 11. edizio honetan: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, zenbait ataletan, adinaren araberako banaketa ere egiten da. Azken batean, gurasoentzako lagungarri gertatzea nahi dute egitasmo honen arduradunek, ?etxeko haur eta gaztetxoak euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten? . Horretarako, merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz.
Aurten 267.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan, iaz baino 7.000 katalogo gehiago. Urtetik urtera zabalduz doa katalogoa, alde askotatik begiratuta ere: produktu gehiago, ale gehiago, antolatzaile gehiago eta baita banatzen den eremu geografiko zabalagoa ere.
Katalogoa gure eskualdean

Urola Kostako herri guztietan banatuko da

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek bat egin dute aurten ere ekimenarekin eta katalogoa banatuko dute gure eskualdean.

Orion 2.000 ale banatuko dira egun hauetan: bana buzoi bakoitzeko. Katalogoa banatzeaz gain, kartelak ere jarriko dira kalean eta gisa horretako materiala saltzen duten saltokietan.