«Evaren alabak» kale-antzerkia izango da Orion uztailaren 3an

Uztailaren 3an, ostiralarekin, «Evaren alabak» kale-antzerkia izango da Orion. Martxoaren 13rako zegoen programatuta, hasiera batean, baina emanaldia bertan behera geratu zen, beste gauza asko bezala, COVID-19ak sortutako osasun-krisiagatik.

Jarduerarik antolatu gabeko aldi luze baten ondoren, Udalak gogo bizia zuen berriro kultur agendari heltzeko, eta prest dauka dagoeneko udako programazioa. Asteazkenean aurkeztuko du uztail-abuztuetako kultur programa eta kale-antzerki hau izango da programa horretako lehen saioa.

Antzerkiaren bi saio izango dira, elkarren segidan: lehenbizikoa 21:30ean hasita, eta bigarrena, berriz, 22:30ean. Saio bakoitzerako 20 sarrera salduko dira. Bi saioak toki beretik abiatuko dira: Zakilaneko aldapatik, Pietatearen azpitik; handik zimitorio zaharrera joango dira aktore eta ikusleak eta, bukatzeko, Salatxo aretora joko dute.

Sarrerak 2 eurotan salduko dira eta aldez aurretik erosi behar dira kultur etxean. Sarrera-kopurua mugatua da eta, beraz, interesa dutenek hobe dute azti ibili. Martxoko saiorako sarrera erosi zutenek ez dute berriz erosi beharko, baina kultur etxetik pasatu beharko dute, txartel berriaren bila, Udalak kontrolatu beharra dauka-eta zenbat txartel saltzen diren.

Emakumearen kontrako indarkeria

«Evaren alabak» antzezlanak begien bistara eta hizpidera ekarri nahi du emakumearen aurkako indarkeriaren gaia. Atzean historia latza duten hiru emakume dira protagonistak eta modu gordinean kontatuko dituzte beren bizipenak.

Tik Tak taldearen ekoizpena da «Evaren alabak». Zuzendaria Elena Aranbarri da eta aktore nagusiak, berriz, hauek dira: Marta Garcia, Jeronimo Otegi, Nieves Peña eta Sonia Sanz.