Fakturak-eta euskaraz bidaltzea eskatu die Udalak hornitzaileei

Udalak kanpaina bat abiatu du, bere hornitzaileei eskatzeko fakturak, aurrekontuak eta horrelakoak euskaraz bidaltzeko.

Kanpaina, Orioko Udalean ez ezik, eskualdeko herri guztietan jarriko da martxan, eraginkorragoa izan dadin.

Gaur egun Orioko Udalak jasotzen dituen faktura gehienak gaztelania hutsez jasotzen ditu (%60 inguru) eta Euskara batzordeak ahalegina egin nahi du alor horretan ere euskararen erabilera bultzatzeko.

Udalak ordaintzen dituen faktura gehienak inguruko enpresa eta profesionalenak dira eta, Euskara batzordearen ustez, ez dago aparteko arrazoirik horiek euskaraz ez izateko epe labur batean.

Alkateak sinatutako gutun baten bidez zuzendu zaie Udala hornitzaileei. Gutunak honela dio:

Egingo al dugu euskaraz?

Orioko Udalak euskara erabiltzeko plan berezi bat onartu du. Horren helburu nagusia da euskararen erabilera indartzea eta areagotzea; hau da, azken batean, Orioko Udalean euskara izatea bai zerbitzu hizkuntza eta bai laneko hizkuntza. Horretarako, besteak beste, euskararen erabilera bultzatu nahi dugu kontratatutako zerbitzuetan eta gure hornitzaileekiko harremanetan.

Elkarrekin egin nahi dugun bide horretan behar-beharrezkoa dugu zuen konplizitatea ere eta, hori dela-eta, hauxe eskatu nahi dizuegu:

– Aurrerantzean zuen aurrekontu, faktura eta bestelako agiriak euskaraz bidaltzea Orioko Udalari. Bide batez, gure datuen fitxan ORIOKO UDALA izenarekin agertzea eskertuko genizueke.

– Hizkuntza-gaitasunaren aldetik aukera dagoen guztietan ahoz ere euskara erabiltzea udal-langileekin eta Udalaren ordezkariekin.

Horretarako laguntzarik behar izanez gero, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzura jo dezakezue.

Eskaera hau aintzat hartuko duzuen itxaropenez, jaso ezazue gure agurrik beroena.