Udalak lan-mahai bat sortua du, hondakinen gestioaren gaia aztertzeko. Mahai hori Udaleko alderdi guztiek (EAJ, Bildu eta Orain) eta Orio Zero Zabor taldeak osatzen dute, eta Hondakinen Mahaia du izena.
Hondakinen Mahaiak proposatu du galdetegi bat prestatu eta herritarren artean banatzea, jakiteko oriotarrek zer ohitura dituzten gai organikoak birziklatzeari dagokionez: bereizteko ohiturarik baduten, konposta egiteko prest egongo liratekeen (etxean bertan edo ontzi komunitario batean), ikastaroa egingo luketen?
Galdetegia herriko etxe guztietara banatuko da eta herritarrek irailaren 1a arteko epea izango dute betetzeko.
Behin beteta, bi modutara entrega liteke galdetegia:
- Udalera zuzenean ekarri eta bertako iradokizunen buzoian utzita.
- Posta elektronikoz, bulegoak@oriokoudala.com helbidera bidalita.
Galdetegia
Hau da galdetegiarekin batera etxeetara egun hauetan banatuko den testua:
Hondakinen kudeaketa (gestioa) pil-pilean jarri du bilketa sistemaren inguruko eztabaidak. Kudeaketa egoki batek, ordea, bilketaz harago joatea eskatzen du: gutxiago sortu eta gehiago berrerabili eta birziklatu behar dugu. Orioko birziklatze tasa ez da %30era iristen, hau da, %70 baino gehiago ez da birziklatzen.
Horren jakitun, Orio Zero Zabor harremanetan jarri zen Orioko Udala osatzen duten taldeekin eta lantalde bat osatzea adostu. Lan talde horren helburu nagusia Orioko hiri hondakinen kudeaketa antolatzea da, batez ere murrizketan eta birziklatzean eraginez.
Horretarako, hainbat ekimen garatu nahi ditu: hondakin organikoak bereizteko ikastaroak, kolektiboekin (ikastetxeak, elkarte gastronomikoak, tabernak, merkatariak…) bilerak antolatu eta abar. Kontzientziazioa izango da lehendabizi landu beharrekoa. Herritar guztien betebeharra delako hondakinak bereiztea eta
Administrazioaren erantzukizuna betebehar hori gauzatzeko herritarrei baliabideak ematea.
Murrizketaren inguruan ere badago zer eginik. Martxan da herriko harategi eta arrandegietan paperaren ordez tuperwareak erabiltzeko egitasmoa. Horretaz aparte, gure eguneroko erosketetan hondakin gutxiago nola sortu jakiteko herritarrei pistak emateko kanpaina bat abian jartzea ere bada gure asmoa.
Gaur egun, zaborra arazo larrienetako bat dela ohartu eta arazo horri konponbidea emateko konpromisoa hartu behar dugu. Nor bere etxetik hasi eta instituzioetaraino. Guztiok dugu gehiago egiteko bide honetan.
Orioko etxe guztietan hondakin organikoak ere bereizita jasotzea da gure helburuetako bat. Horretarako ikastaroak antolatuko ditugu.
Orioko udaleko hondakinen mahaia (EAJ, Bildu, Orain, Orio Zero Zabor)