Gaur gaueko zine-emanaldia ikastolako pergolan izango da, eguraldiagatik

Gauerako iragarrita dagoen eguraldia dela-eta, gaurko zine-emanaldia ikastolako pergolan izango da, hondartzan izateko partez.

Proiekzioa 22:15ean hasiko da.

Komedia arina, euskaraz

‘Igelak’ komedia bat da. Gorka Otxoa da aktore nagusia; baina beste euskal aktore ezagun asko ere agertzen da bertan: Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia, Mikel Losada, Ramon Agirre…

Zuzendari eta gidoilaria Patxo Telleria da eta musika Iñaki Salvadorrek egin du.

Pello (Gorka Otxoa) banku sukurtsal bateko zuzendaria da eta delitu ekonomikoengatik atxilotu dute. Bere nagusiak ere inplikatuta dauden arren, bakarrik utziko dute justiziaren aurrean. Salduta dagoela konturatzen denean, ihes egitea erabakiko du.

Dirurik eta dokumentaziorik gabe, familiarik eta lagunik gabe, Pellok bere identitatea ordezkatuko du, ezkutuan jarraitu ahal izateko.

Nortasun faltsu horrekin etxegabetuen elkarte batek okupatutako etxe batean topatzen du babesa. Lagun berrien konfiantza bereganatzen saiatzen da, asmo bakar batekin: haien diruaz jabetu eta atzerrira alde egitea.