Horretarako, bilera irekiak deitu ditu eskualdeko herrietan. Oriokoa apirilaren 23an izango da, ostegunarekin, Salatxo aretoan, 19:00etan hasita.
Aldundiak bileran azalduko du zein den egitasmoaren funtsa. Foru Aldundiak bi milioi euro jarriko ditu eskualde bakoitzean, lau urteko epean inbertsioak egiteko, eta herritarrekin batera erabakiko du diru hori zertan gastatu. Edozein herritarrek izango du aukera proposamenak egiteko; aurkezten diren proposamenek bi baldintza bete behar dituzte:
- Eskualdearentzat onuragarriak izatea.
- Aldundiaren eskumenekoa izatea.
Proposamenak aurkezteko bideak
Herritarrek hiru bide dituzte proposamenak egiteko:
- Kultur etxean eta udaletxean jarrita dauden postontziak
- www.aurrekontuahobetzen.eus webgunea
- Salatxon egingo den bilera irekia
Prozesuaren faseak
Parte-hartze prozesuak bost fase izango ditu. Lehendabizikoan herritarren proposamenak jasoko dira. Hori da osteguneko lehen bilera horretan egingo dena. Gero, proposamen guztiak bildu eta herritarrek aukeratu egingo dute horien artan. Hori ekainean izango da. Behin aukeraketa eginda, proiektuen bideragarritasuna aztertuko dute Aldundiko teknikariek. Herritarrek iraileko bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian Aldundiaren aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte.
Proiektua gidatzea Urola Kostako Udal Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da; horretarako, Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izango dute.