Giro ona izan zen AEK-k antolatutako lehen mintzodromoan

Bailarako AEK-k Mintzodromoa antolatu zuen aurten lehen aldiz. Abenduaren 17an izan zen Zarautzen, larunbatarekin, eta giro onean egin zen.

Ekimearen helburua izan da Mintzalagun programa ezagutzera ematea, alde batetik, eta, bestetik, euskara ikasten ari direnentzat beste aukera bat sortzea dakitena giro atseginean praktikatzeko.

Mintzodromoak Euskal Herriko toki askotan egiten dira; gure bailaran, ordea, ez zen orain arte halakorik egin. Mintzalagun programa bai, aspaldian dago martxan eta, horren baitan, bailarako euskara ikasleak euskaraz ondo dakiten lagunekin juntatzen dira astero-astero, euskaraz hitz egiteko lagun giroan. AEK-k gestionatzen du bailaran Mintzalagun programa eta Urola Kostako Udal Elkartean finantzatzen du.

Mintzodromoa antolatzeko ekimena AEKrena izan da eta gustura daude izan duen harrerarekin. Goizeko 11:00etan bildu ziren parte-hartzaileak Zarauzko udaletxe plazan jarritako karpa batean eta ordu eta erdiz hitz eta pitz aritu ziren bost bat laguneko talde txikitan. Talde bakoitzean moderatzaile bat zegoen, gaia proposatzen zuena eta elkarrizketa bideratzen zuena..