Goiko Kalera sartzeko semaforoa jarriko du Udalak eta ohar bat kaleratu du, horren funtzionamendua azaltzeko

Hau da Udalak herriko etxe guztietara zabalduko duen oharraren testua:

 

Goiko Kalera sartzeko semaforoaren funtzionamendua
Herriko Plaza asteburuetan oinezkoentzat uzteko erabakia hartu zenetik izugarri hazi da autoen ibilia Goiko Kalen eta horrek arazoak sortzen dizkie bizilagunei: autoen abiadura handiegia da, oinezkoen eta bizilagunen segurtasuna ez da bermatzen, zarata etengabea da eta zorua kaltetu egiten da, besteak beste.

Plaza autoentzat itxita dagoen egunetan Txanka-Hondartzako bidea erabili behar da herritik ateratzeko, eta horrela jakinarazi zuen Udalak bere garaian. Seinaleak jarri ziren eta komunikazio-lana egin da; baina, hala ere, Goiko Kaletik pasatzen diren autoen kopurua ez da gutxitu.

Hori dela-eta, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak, gaia aztertuta, Iturbide kalean semaforoa jartzea erabaki zuen 2014ko ekainaren 5ean egindako bileran. EAJk eta Bilduk eman diote baiezkoa semaforoa jartzeari.

ZER LORTU NAHI DU UDALAK, SEMAFOROA JARRITA?

  • Goiko Kaleko bizilagunen segurtasuna bermatzea.
  • Goiko Kalen oinezkoei lehentasuna ematea.
  • Goiko Kalearen izaerari eta kaleen ezaugarriei eustea.

ERABILERA-ARAUAK

1.- Plaza autoen trafikorako ixten den guztietan jarriko da martxan semaforoa. Aste barruan ez da martxan izango.

2.- Semaforoak ez du barrerarik izango. Hartara, larrialdietan pasatzeko aukera izango dute anbulantziek, suhiltzaileek edo estutasunean dauden herritarrek.

3.- Semaforoak matrikulak irakurriko ditu pasatzea baimendu/eragotzi aurretik.

4.- Pasatzen utziko die baldintza hauetakoren bat betetzen dutenei:

  • Oan, Urdairen, Kale Nagusian nahiz Iturbide 1 eta Antxiola 19 bitartean bizi direnen autoei.
  • Iturbide 7 eta Iturbide 13 etxepeetako eta Goiko Kaleko haur-parkearen azpiko garajeen erabiltzaileei. Garajeen jabeek udaltzaingotik pasa behar dute, matrikulak ondo jasota daudela ziurtatzeko.
  • Goiko Kalen bizi ez diren arren, pertsonen zaintzan ari direlako pasaera behar duten pertsonei. Pertsona horiek, eskaria egiteko, udaltzaingotik pasa behar dute, beharraren eta matrikularen erregistroa egitera.
  • Larrialdian, estutasunen bat duten herritarrei, Goiko Kalera lehenbailehen iritsi behar dutenean.

5.- Gainerako ibilgailu guztiei debekatu egingo zaie pasaera.

  • Herritik ateratzeko, Txanka-Hondartza bidea erabili beharko dute guztiek.
  • Goiko Kalera doazenek San Martin bidetik sartu ahal izango dute.
  • Semaforoa gorrian pasatzen dutenei trafiko ordenantza aplikatuko zaie eta 80 euroko isuna jasoko dute, seinalea ez errespetatzeagatik.

 

OHARRAK

  • Semaforoa instalatzeko lanak uztailaren 21-24ko astean hasiko dira eta semaforoa abuztuaren hasierarako jarriko da martxan.
  • 2014ko ekainaren 5eko batzordean erabaki zen aldaketaren berri ematea garrantzitsua zela. Horretarako kaleratu du Udalak orri hau.