Datorren larunbatean, maiatzaren 10ean, “Helduen Abesbatza Topaketa” ospatuko da Orion, Danbolin Musika Eskolak antolatuta.
Goizean herriko plazan bilduko dira Bermeo, Gorliz, Mutriku, Lasarte, Lezo eta Orioko Musika Eskoletako 180 abeslari. Horien artean, Orioko Musika Eskolako kantuko ikasleak, Salatxo abesbatza eta Egunsentia abesbatzak ere parte hartuko dute.
Eguerdiko 12:00etan kantu-jira bat egingo dute herri guztian zehar eta abesti ezagunak entzuteko aukera izango dugu. Abeslariek musika eskolako trikitilari eta panderojoleen laguntza edukiko dute.
Ondoren 13:30ean, herriko plazan kontzertua eskainiko dute eta bertan abestuko dituzte: “Agur zaharra”, “Kantuz”, “Maritxu nora zoaz”, “Zazpi Lagun” eta “Txanton Piperri”.