Orioko erdiguneko denda, taberna eta establezimenduetako bezeroek autoa ordu betez doan aparkatu ahal izateko aukera izango dute aurrerantzean. Orioko Udala eta Arkupe Merkatari, Ostalari eta Profesionalen Elkarteak elkarlanean bultzatutako ekimen bat izango da, eta bi aldaketa nagusi izango ditu ekainaren 11tik aurrera martxan ipiniko den denbora mugatuko aparkaleku sistema berriak:
- alde batetik, aparkatzeko orain arteko gehienezko denbora, ordu erditik ordubetera luzatuko da
- bestalde, aparkamendu-disko bat entregatuko zaie bezero guztiei, autoa zein ordutan aparkatu den eta aparkatzeko denbora noiz bukatzen den jakin ahal izateko.
Erosketak errazago egiteko
Orioko denda eta establezimenduetara autoz gerturatu beharra duten bezeroek erraz eta inolako kosturik gabe aparkatu ahal izango dute. Orio erosketak egiteko herri erosoa izatea bultzatu nahi da, bai bertako bezeroentzat, bai inguruko herrietatik datozenentzat. Aparkaleku horiek zein diren berehala jakingo dute bezeroek, informazio seinale berriak jarriko baititu Orioko Udalak datozen egunotan.
Orioko merkataritza eta ostalaritzako bezeroei erreserbatutako denboraldi mugatuko aparkaleku horiek ohiko aparkaleku gisa erabili ahal izango dira ordutegi komertzialetik kanpo, hau da, bertako bizilagunek inolako denbora mugarik gabe aparkatzeko aukera izango dute, orain arte bezala. Ordutegi komertzialeko orduak, ondokoak izango dira: astelehenetik ostiralera, goizez 8:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara; larunbatetan, goizez bakarrik, 8:00etatik 13:00etara.
Aparkamendu-disko bat jaso beharko da dendetan
Aparkamendu-disko bat autoaren aurre aldean agerian ipintzea besterik ez zaio eskatuko bezeroari; aparkamendu-disko horrekin adieraziko da, autoa, inguruko establezimendu batean erosketaren bat egiteko dagoela aparkatua, eta zein ordura arte egon daitekeen gehienez aparkatua. Aparkamendu-diskoa, herriko saltoki eta establezimenduetan eskuratu ahal izango da, eta bezero bakoitzak bere aparkamendu-disko propioa eramango du autoan, behar duen aldi oro erabiltzeko. Aparkamendu-disko horiek doan entregatuko dira, baina eskaera egitasmo honetan parte hartzen duten Orioko denda eta establezimenduetan egin beharko da. Establezimendu horiek zein diren jakiteko, aparkamendu-diskoaren irudia duten kartelak ezarriko dira dendetan. Bezeroaren datuak jasotzeko, eskaera orri bat bete beharko da, eta behin eskaera eginda, establezimenduan bertan jasoko du bezero bakoitzak bere aparkamendu-diskoa.
Merkataritzako aparkamendu horien erabilerari buruz informatzeko, informazio orriak banatuko dira denda eta establezimenduetan, baita aparkamendu-diskoaren eskaera egiteko orriak ere.
Seinale berriak jarriko ditu Udalak
Bezeroentzat erreserbatutako aparkaleku horietan, aparkamendu-diskoaren irudia duen seinale bertikal bat bat egongo da jarria, ondorengo kaleetan: Eusko Gudari kalea, Arrantzale kalea, Ibai-ondo ibilbidea, Herriko Plaza, Aita Lertxundi kalea eta Aritzaga kalea.
Arkupe elkartea eta Udala, bat eginda
Orioko Udaleko eta ARKUPE elkarteko ordezkariek elkarrekin egin dute ekimen honen aurkezpena, eta Orioko herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko urrats txiki bat dela adierazi dute. Horrez gain, Orioko merkataritza eta ostalaritzari bultzada emateko ahaleginarekin jarraitzeko konpromisoa ere adierazi dute alde bietako ordezkariek. Merkataritza eta ostalaritza sektorea garai berrietara egokitzeko ARKUPEtik bultzatu beharreko ekimenekin batera, Orioko Udaletik ere, komertzio txikiari babesa eman eta Orioren erakargarritasun turistikoa indartzeko urrats sendoak ematea beharrezkoa dela ikusi dute.