Herritarrek paseatzera edo kirol egitera atera ahal izango dute larunbatetik aurrera

Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, maiatzaren 2tik aurrera herritarrek aukera izango dute kalera ateratzeko, paseoak ematera edo kirol egitera, ordutegi eta baldintza jakin batzuetan.

Orioko Udalak oharra prestatu du, ordutegi eta baldintza horiek zein diren laburbiltzeko.

Espainiako Gobernuak adierazitakoaren arabera, ordutegi eta baldintza horiek 5.000 biztanletik gorako herri guztietan aplikatuko dira eta, beraz, Orion ere bai (Oriok 6.000 biztanletik gora du).

Adinaren arabera erregulatuko da herritarren irteera, arrisku-taldeak hobeto babesteko.

14 urtetik beherakoak

Orain arte bezala, 14 urtetik beherako haurrek kalera atera ahal izango dute, heldu batekin batera paseatzera, etxebizitzatik kilometro bateko eremuan; gehienez, ordubetez. Irteera horiek ordutegi honen barruan egingo dira: 12:00etatik 19:00etara.

Helduak

Goizean goiz edo iluntzean atera daitezke, kirol egitera edo paseatzera: 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara. Paseoak etxetik kilometro
bateko eremuan egin beharko dituzte, bakarka edo bizikide batekin. Kirola, berriz, udalerriaren barruan, denbora mugarik gabe eta bakarka.

Adinekoak eta mendekotasunen bat dutenak

Goizean edo arratsaldean atera daitezke, paseatzera: 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara. Paseoak etxetik kilometro bateko eremuan egin beharko dituzte, bakarka, bizikide batekin edo zaintzaile batekin.

Bestelako jakingarriak

  • Egunean irteera bakarra egingo dute herritarrek, paseatzeko edo kirol egiteko
  • Bestalde, baratzeko lanak egitera ere atera ahal izango dute, bakarka.

Osasun eta higiene-neurriak

  • Gutxienez, 2 metroko distantzia mantendu pertsonen artean
  • Eskuak eta erabilitako materiala desinfektatu, kirola egin aurretik eta ondoren
  • Ahal bada, maskarak erabili
  • Jendea elkartzen den inguruak saihestu
  • Kirol arropak eta materialak desinfektatu: 60º gora garbitu, desinfektatzailearekin edo alkoholarekin oinetakoen zolak garbitu…
  • Birusa izatearen sintomak izanez gero, EZ IRTEN KALERA

Kirol egiteko baldintza orokorrak, nahitaez bete beharrekoak

  • Egunean behin bakarrik egingo da kirol jarduera (bi ordu-tarteetako batean)
  • Ordutegia errespetatu beharko da: 6:00etatik 10:00etara ala 20:00etatik 23:00etara egin daiteke kirola
  • Kirol jarduera banaka egin beharko da
  • Aire libreko kirolak soilik egin daitezke, eta debekatuta dago kirol instalazioak erabiltzea
  • Herritarrek Orio osoan egin dezakete kirola, udalerriaren mugen barruan
  • Gogoratu Itxaspeko bidea itxita dagoela, obrengatik, eta, beraz, debekatuta dagoela bide horretan ibiltzea

 B2C0989A 9694 4A60 8FF8 9D8D6BF69EBA