2015-16 ikasturteko Mintzalagun Programa martxan da dagoeneko eskualde osoan. Guztira 24 talde osatu dira eskualde osoan, eta horietako 3, Orion.
Talde gehien, urtero bezala, Zarautzen sortu da, guztira 14. Getarian 2 talde daude eta Zumaian, berriz, 5.
Eskualde osoan —eta Orion ere bai— iaz baino talde eta mintzalagun gehiago ari dira aurten parte hartzen. Gainera, inoiz baino euskaldunzahar gehiagok eman du izena Orion aurten, programan parte hartzeko gogoz; beraz, oraindik aukera legoke talde gehiago osatzeko herrian, euskara praktikatu nahi duten lagunak animatzen badira.
Ikasturte hasierako ekitaldia: Miriam Mendoza ipuin kontalaria
Ikasturteari hasiera eman eta mintzalagunak elkartzeko, ekitaldi bat egingo dugu azaroaren 5ean, ostegunarekin, 19:00etan, Zarauzko Etxe-Zabalan. Miriam Mendoza ipuin kontalariak “Bertako kontaera zaharrak” saioa eskainiko digu. Gonbidatuta daude mintzalagun guztiak.
Mintzalagun programa: zer da?
Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:
- Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
- Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…
Urola Kostan 8. urtea
2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEK-k, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEK-k egiten ditu.
Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta, adibidez, ikasturte honetan 24 talde eta 92 pertsonak hartu dute parte.
Asteroko hitzorduak, ekitaldiak, irteerak, zozketak
Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dugu (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia…). Horrekin batera, irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak…
Argibideak jaso edo izena eman
Interesa duenak honako telefono eta helbide hauetara jo dezake argibideak jasotzeko eta izena emateko:
Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
Telefonoz: 625 485 215
Emailez: urolakosta@aek.org
www.mintzalagun.blogspot.com
Facebook: mintzalagunak gara