Aste honetan hasi da Udala igerilekuko leihoak aldatzen. Lehengo leihoak zurezkoak ziren eta ez dira aldatu kirodegia egin zenetik. Hamazazpi urte eta gero, nahiko egoera txarrean zeuden eta Udalak aldatzea erabaki du. Jarriko diren leiho berriek isolamendu termiko hobea daukate eta, horrez gain, iraupen gehiago izango dute, egokiak direlako igerilekuko giro heze eta korrosiboari hondatu gabe eusteko.
Irailaren 11ko astean irekiko da berriz igerilekua
Lanak egiteko, bi aste beharko dituzte langileek eta, beraz, igerilekua ez da zabalduko irailaren 11ko astera arte. Kiroldegia datorren astean zabalduko da, mantentze-lanetarako urtero egiten duen geldialdi teknikoa eta gero; baina igerilekua itxita egongo da datorren aste osoan, leihoak jartzen bukatu arte.
Kanpoko leihoak aldatzeaz gain, beste lan batzuk ere egingo dira: igerilekua inguratzen duen rejilla berrituko da, pista nagusiko ituteak konponduko dira eta porteriak eta tatamiak ere aldatu egingo dira.
Lan horiek guztiek 102.000 euroko aurrekontua dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuaren 52.000 euroko diru-laguntza izango dute.