Irekita dago epea 16. ‘Euskaraz Gazte’ literatur lehiaketara lanak aurkezteko

2009ko apirilaren 24a izango da azken eguna, lanak aurkezteko.

Orioko Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Merkataritza batzordeak urtero antolatzen duen ?Euskaraz Gazte? literatur lehiaketa martxan da dagoeneko, honako helburuarekin: idazteko zaletasuna suspertzea Orioko eta Aiako gazte-jendearen artean. Aurten hamaseigarren urtea bete du lehiaketak.

Lehiaketan parte hartzeko bi modalitate izango dira: ipuinak, alde batetik, eta bertso edo olerkiak, bestetik. Parte hartzaileak 16 urtetik gorako oriotarrak edo aiarrak izango dira.

Bertso eta olerkiak, gaia emanda

Orain arte libre izan da beti gaia bi modalitateetan; baina, oraingo honetan, kontuan hartuta sari banaketa maiatzean egingo dela eta Herriko natur taldeak natur jardunaldiak antolatu dituela maiatza osoan, ekimen horrekin bat egin nahi izan du Euskara batzordeak eta bertso eta olerkietako gaia mugatu egin du. Gaia, beraz, bertso eta olerkien atalerako, honako hau izango da: natura eta ingurumena.

Sariak

Sariak hauek izango dira:

Ipuinetan, lehen saria 300 euro; bigarrena, 200 euro; hirugarrena, 150 euro; bi accessit ere izango dira, 100 euro banakoak. Bertso eta olerkien modalitaterako sariak berdinak izango dira. Guztira 1.700 euro banatuko dira saritan.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Orioko Udaleko ordezkari batek, Aiako Udaleko ordezkari batek eta Karkara aldizkariko beste batek. Epaimahaiak gaien gertutasuna baloratuko du.

Lanak Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean aurkeztu behar dira eta, horretarako, 2009ko apirilaren 24a izango da azken eguna.

PDF formatuan deskarga daitezke lehiaketaren oinarriak.