Iturbide, Antxiola eta Estropalari kaleak konponduko ditu Udalak datozen asteetan

Datozen asteetan, uda aurretik, Udalak Iturbide, Antxiola eta Estropalari kaleetako lurzorua konpontzeko eta asfaltatzeko lanak egingo ditu. Hori dela eta, kale horietan ibilgailuen pasaera itxiko da zenbait momentutan eta aparkatzeko aukera ere mugatu egingo da. Horrez gain, hondakin-guneak tokiz mugituko dira Antxiolan eta Iturbiden.

Iturbide kaleko lanak

Iturbide kaleko lurzorua harlauzazkoa da eta oso egoera txarrean dago. Hautsita ez dauden harlauzak ez dira aldatuko, baina lurzorua sendotu egingo da, arketa eta hustubideak konpontzearekin batera.

Lanak datorren astelehenean hasiko dira, maiatzaren 17an.

Lan horiek egiten diren bitartean, ibilgailuen pasaera debekatuko da, semaforo bidez, eta inguruko bizilagunen ibilgailuek bakarrik izango dute aukera kalean sartzeko. Ahal dela, pasaera irekita egongo da Goiko Kaleko bizilagunen ibilgailuentzat, baina baliteke momenturen batean zirkulazioa moztu behar izatea.

Hondakinen bilketako kamioiak obra-eremuan barrena ibili behar ez izateko, Iturbide kaleko hondakin-gunea kalearen beheko aldean kokatu da gaur goizean, iturriaren ondoan, pilotalekuaren atzealdean (ikusi argazkia). Gunea tokiz aldatu arren, oraingo txartel berberekin irekiko dira errefusako eta organikoko edukiontziak.

Obrak Luxarbek egingo ditu eta lau bat aste iraungo dute.

IturbidekoHondakinGunea21
  
Antxiola kalea

Antxiola kalean dagoeneko hasita dago Udala arketak eta hustubideak konpontzen eta bidea asfaltatzeko prestatzen. Prestaketa-lanek bi aste inguru iraungo dute eta, ondoren, asfaltatu egingo da kalea.

Lanak egiten diren bitartean, ibilgailuen pasaera debekatuko da, semaforo bidez, eta inguruko bizilagunen ibilgailuek bakarrik izango dute aukera kalean sartzeko. Ahal dela, pasaera irekita egongo da kaleko bizilagunen ibilgailuentzat, baina baliteke momenturen batean zirkulazioa moztu behar izatea.

Hondakinen bilketako kamioiak obra-eremuan barrena ibili behar ez izateko, Antxiola kaleko hondakin-gunea kendu egingo da asfaltatze-lanek irauten duten lauzpabost egunetan; egun horietan, bizilagunek Aita Lertxundi kaleko hondakin-gunea erabili beharko dute. Egun horietan irekita egongo dira errefusako eta organikoko edukiontziak, txartelik gabe erabili ahal izateko.

Lurzorua prestatzeko lanak udal-brigada ari da egiten eta asfaltatze-lanak, berriz, Asfaltos Urretxu SAk egingo ditu.

Estropalari kalea

Estropalari kalea asfaltatu egingo du Udalak, 18 zenbakidun portaletik 30.era arte, eta hortik hondartza-bideko bidegurutzera arte.

Lanak hiru bat aste barru hasiko dira eta bi egun iraungo dute. Asfaltatze-lanak egiten diren bitartean, aparkalekuak libre utzi beharko dira. Ibilgailuen zirkulazioa moztu egingo da une jakin batzuetan.

Lanak Erabau SLk egingo ditu.

Hondartza-bideko errepidea ere egoera txarrean dago; baina hori beranduago konponduko da, irailetik aurrera, asfaltatze-lanak bidegorria luzatzeko lanekin batera egingo ditu-eta Udalak. Bitartean, dauden zuloak estaliko ditu Udalak.

Lan hauek irauten duten bitartean ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzeko eskatzen die Udalak inguru horietako bizilagunei eta barkamena eskatzen die, aldez aurretik, sortuko diren eragozpenengatik.