Jende-katea egingo da Orion martxoaren 8an, berdintasunaren aldeko mezua zabaltzeko

Orioko eskolako eta ikastolako haur eta gaztetxoek (LH1etik DBH4ra bitartekoek) jende-katea egingo dute martxoaren 8ko goizean ikastetxetik Herriko Plazaraino.

Behin plazara iritsita, ekitaldi labur bat egingo dute, 10:00etan hasiko dena, eta emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko agiri bat irakurriko dute udaletxeko balkoitik. Agiriaren irakurketa bi ikastetxeetako DBH4ko ikasleek eta Xaltxerak taldeko ordezkari batek egingo dute. Segidan, eta ekitaldiari bukaera emateko, gaiari buruzko bertsoak kantatuko dituzte plazan bildutako guztiek.

Hamar ikasmailetako ikasle guztiek parte hartuko dute jende-katean; guztira, 700etik gora haur eta gaztetxo joango dira ikastetxetik plazara, eskutik helduta, beren irakasleekin. Plazako ekitaldian Orioko Xaltxerak emakume-taldeak ere parte hartuko du.

Gaur eguerdian aurkeztu dute ekimena Orioko udaletxean Udaleko ordezkariek, bi ikastetxeetako zuzendariek eta zentro bakoitzeko ikasle eta irakasle banak.

Eskualde osoan egingo da ekitaldia

Zarauzko Berritzeguneak bultzatuta, Urola Kosta eskualdeko ikastetxeek eta udalek elkarrekin antolatu dute ekitaldia eta antzera egingo da Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orion.

Ekimenaren helburu nagusia parekidetasunaren aldeko mezua zabaltzea da. Gaur egun asko aurreratu da gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunaren ikuspuntutik; baina oraindik bide luzea geratzen da egiteko eta, bide horretan aurreratzen segitzeko, ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta kalera ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Horretan lagundu nahi dugu ekitaldi hau elkarrekin antolatu dugun talde eta erakundeok.

Gaia eskoletan landu

Egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko bi ikastetxeetako haurrek berdintasunaren gaia landu dute gelan egun hauetan eta, besteak beste, kolore moreko kartelak prestatu dituzte berdintasunaren aldeko mezuekin. Egun hauetan kartel horiek herriko denda eta tabernetan banatzen ari dira, jendearen bistan jartzea eskatuz.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie bi ikastetxeei, gai garrantzizko hau elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik.

jendekatea18