Jon Redondo: ?Larunbateko Orion Jai! festak izan zuen arrakastarekin izugarri kontentu gaude eta horrelako ekintzak egiten jarraituko dugu?

Pasaden larunbat arratsaldean Orioko Udalak antolaturiko Orion Jai! festak jende asko bildu zuen herrian eta oso giro atsegina bizi izan zen. Eguraldi aparta egin zuen eta arratsalde ezin hobea izan genuen Orion.

Ekitaldiei hasiera Orioko 14. traineru jaitsierak eman zion. Bertan 42 traineruk parte hartu zuten eta azkenean Inmobiliaria Txurruka Bandera Astilleroko arraunlariek eraman zuten etxera. Udaletxera hurbildu ziren astilleroko arraunlariak eta bertan jaso zuten Leire Arzellusen eskutik bandera.

Hori amaitu orduko Herriko Plazara gerturatu ziren denek EAEko hiru probintzietako txakolina dastatzeko aukera izan zuten eta sardina batzuk jatekoa ere bai. Guztira, 144 boteila txakolin edan ziren eta 50 Kg sardina saldu ziren. Zoritxarrez jan-edariak ziztu bizian amaitu ziren pentsatua baino jende gehiago hurbildu baitzen herrira. ?Aurten ordubete eskas iraun du bai edari eta bai janak eta aurrerantzean jende gehiagorentzat prestatuko dugu?, Jon Redondoren esanetan.

Egunsentia otxoteak udalpean eskaini zuen kontzertuak arrakasta izan zuen bai gazte eta helduagoen artean. Azkenik, Julio Aranburu kirolaria sokasaltoko 3000 saltoko marka hobetzen saiatu bazen ere, gutxigatik ez zuen lortu. Izan ere, 14 minutu eta 26 segunduan 3000 salto egin nahi zituen baina 20 segundugatik ez zen iritxi. Pena handia hartu bazuen ere herrian antolatuko den urrengo ekitaldiren baten berriz ere saiatuko dela adierazi zuen Julio Aranburuk.

Oria txarangak haur eta gazte anitz dantzatzera animatu zituen eta udaberriko arratsalde bero bat zirudien hark, giro paregabea sortu zuen Orioko herrian. Jon Redondoren esanetan, ?eskerrak eman nahi genizkieke Orioko udalaren partetik antolatzaile eta laguntzaile denei beren koordinazio onagatik eta hemendik aurrera herrian honelako ekitaldi gehiago egingo ditugu?.