Juan Zaraguetari buruzko liburua aurkeztuko da ostiralean kultur etxean

Juan Zaragueta. Tomismotik Neotomismorako bidea izeneko liburua aurkeztuko da ostiral arratsaldean, 19:00etan hasita, Kultur Etxeko areto nagusian. Liburua Ruben Iglesias gazte oriotarrak egin du eta Orioko Udalak argitaratu du.

Formatu txikiko liburua da, 130 orrialde ingurukoa, eta bertan Juan Zaragueta apaiz pedagogo eta filosofo oriotarraren lanari buruzko sarrera bat eskaintzen da. Juan Zaragueta 1883an jaio zen, Orion eta bere garaiko filosofo eta pentsalari handien arteko bat izan zen. Lan idatzi izugarria egin zuen eta, beraz, liburuan haren lanaren arrasto nagusiak baizik ez dira aztertzen.

Aurkezpen irekia

Aurkezpen arina egin nahi du Ruben Iglesias egileak eta, horretarako, ordenagailuz egindako montaketa bat prestatu du. Sarrera libre da eta herritar guztiak gonbidatuta daude. Liburua bertan erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, prezio merkeagoan: 5 euro.