Kalean da Sasoian aldizkariaren 6. zenbakia

Eskualdeko kirol albisteak zabaltzen dituen aldizkaria doan eskura daiteke kiroldegian edo kultur etxean, besteak beste.

Sasoian aldizkaria Urola Kostako Udal Elkartearen ekimenez kaleratzen da, beti hilaren azken ostiralean, Euskara Sasoian programaren barruan. Urola Kostako Hitzak osatzen ditu edukiak eta ematen dio forma aldizkariari.

Orain kaleratu berri den zenbakia otsailekoa da eta, gaien artean honako hauek daude, besteak beste: Orion bizi den Ibon Idigoras snowboardlari zarauztarrarekin egindako elkarrizketa luzea, Aian egindako giza proba, Maite Redondo pilotariari buruzko erreportajea…

Aldizkaria doan banatzen da eskualdeko herri guztietan. Orion herriko bi eskoletan banatzen da eta, horrez gain, beste hainbat tokitan ere eskura dezake interesa duenak: kiroldegian, kultur etxean, udaletxean…

PDF formatuan irakurri nahi duenak www.sasoian.info webgunera jo dezake eta handik deskargatu.