Udaberriko programaren hondarretan, Karmen Mendieta margolari donostiarraren Itsasoari begira erakusketa izango da ikusgai kultur etxean ekainaren 13tik 24ra. Itsasoarekin zerikusia duten elementuak bildu ditu Mendietak, akuarela teknika erabiliz, 25 lan inguru. Areto nagusian izango dira, eta sarrera doakoa da.
Olioekin margotzen hasi bazen ere, azken aldian akuarelen teknikan sakondu du artistak. Itsasontziak izan ditu oinarri azken lanak sortzeko orduan, eta eragiten dioten erakarpena eta motibazioa partekatu nahi izan ditu ikusleekin. 30×40 cm inguruko tamainako lanak dira, Orioko, Lekeitioko, Pasaiako eta Hondarribiko hainbat txoko eta ontziak erakusten dituztenak.
Erakusketa datorren astelehenean, ekainak 13, zabalduko da, eta hilaren 24ra arte egongo dira lanak ikusgai, hamar egunez.