Orioko Udaleko kultur teknikari lanpostu bat denboraldi batez kontratatzeko deialdia egin du Udalak. Izendapena behin-behinekoa izango da, titularra ordezkatzeko.
Hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek urriaren 27a arteko epea dute, eskaera eta beharrezko agiriak aurkezteko.
Orioko alkateak, ikusita Udalak kultur teknikari bat kontratatu beharra daukala, denboraldi baterako eta behin-behineko izendapenez, titularra ordezkatzeko, hautaketa prozesuaren deialdia egin du.
NAHITAEZKO BALDINTZAK
- Espainiar nazionalitatea izatea edota Europar Batasuneko kide den beste estaturen batekoa edo horri buruzko hitzarmena duen beste herriren batekoa.
- 18 urte beteak izatea eta hamar urte edo gehiago falta izatea funtzio publikoaren alorreko oinarrizko legeek ezartzen duten derrigorrezko erretirorako adinerako.
- Unibertsitateko Diplomatu Titulua edo unibertsitateko bestelako goi mailako titulazioren bat izatea, edo titulua lortzeko eskubideak ordainduta edukitzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.
- Euskarari dagokionez, 3. hizkuntz eskakizuna kreditatzea
LANPOSTUAREN ZEREGINAK
- Zuzendu, kontrolatu eta bultzatzea kultur etxean egiten diren jarduerak.
- Koordinatu, gainbegiratu eta kontrolatzea Danbolin Musika Eskolaren jarduera.
- Zuzendu, kontrolatu eta bultzatzea Udalaren hezkuntza alorreko jarduerak.
- Kultura batzordearen idazkari lanak egitea.
- Espedienteen tramitazioa bultzatzea eta txosten eta proposamenak egitea.
- Kultura alorreko plan, programa eta proiektuen diseinuaren ardura hartzea, eta horiek aurrera ateratzeko neurriak hartzea.
- Udalaren kultura alorreko aurrekontu proiektua prestatzea.
- Festak antolatzea eta, programa aurrera ateratzeko, hartu behar diren neurriak hartzea.
- Koordinatu eta laguntza ematea herriko kultur elkarteei, eta kontrolatzea, hala badagokio, elkarte horiei utzitako udal lokalen erabilera.
- Teknikari gisa parte hartzea batzordeetan eta kultur jarduerarekin zerikusia duten bestelako bilera edo foroetan.
- Harremanak izatea beste administrazio publikoekin bere lanpostuaren eginkizunei dagokien gaietan. Administrazio publikoei egiten zaizkien diru laguntza eskaerak prestatu eta tramitatzea.
- Herriko kultur jardueraren eta Udalaren jarduera orokorraren zabalpena egitea hedabideetan.
ORDAINSARIAK ETA LANALDIA
Ordainsaria B taldeko 15 mailari dagokiona izango da eta dedikazio bereziko osagarri bat izango du, % 6koa.
Urteko lanaldia 1592 ordukoa izango da.
IZANGAIEN ONARPENA
Izangaien onarpena Lanbide-rekin elkarlanean egingo da. Interesatuek Lanbideren edozein harrera-bulegotara jo behar dute eta han eskatu hautaketa prozesuan parte hartzeko onartuak izatea.
HAUTAKETA PROZESUA
Hautaketa prozesua bi fasetan egingo da: lehiaketa fasea eta oposizio fasea.
Lehiaketa fasea
Lehiaketa fasean honako merezimenduak baloratuko dira:
a) Eskatzen dena baino titulazio maila handiagoa izatea: gehienez, 2 puntu.
b) Lanpostuaren eginkizunekin lotutako lanetan izandako lan esperientzia: gehienez, 3 puntu (0,2 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko).
Oposizio fasea
Oposizio fasea 30 punturekin baloratuko da eta ariketa bakarrekoa izango da: izangaiek idatziz garatu beharko dituzte hiru gai praktiko, lanpostuaren eginkizunekin lotura dutenak.
Gai praktiko bakoitza, gehienez, 10 punturekin baloratuko da.
EPAIMAHAI KALIFIKATZAILEA
Epaimahai kalifikatzailea honako hauek osatuko dute:
- Alkatea edo hark delegatzen duen pertsona
- Kultur alorreko teknikari bat
- Kulturako zinegotzia
- Langileen komiteko ordezkari bat
- Udalbatzarraren idazkaria edo hark delegatzen duen pertsona