Lasaitasunerako deia egin du Udalak, herrian sortu diren COVID-19 positiboak direla eta

Azken egunotan 5 lagunek eman dute positibo Orio inguruan COVID-19a detektatzeko PCR probetan. Horrek kezka eta ezinegona sortu du herritarrengan eta Udalak, ohar honen bidez, lasaitasunerako deia egin nahi du.

Lehen positiboa agertu zenetik, halako kasuetarako aurreikusita dauden osasun-protokolo guztiak aplikatu dira eta, besteak beste, positiboa eman duen pertsonaren inguruko jendeari 50etik gora PCR proba egin zaizkio. Proba horiek guztiak egin ondoren, 5 lagunek eman dute positibo eta horiek isolatuta daude, herritik kanpo, Osasun Sailak horretarako sortutako baliabideetako batean.

Udalak eskatzen die herritarrei arduraz jokatzeko eta ez zabaltzeko alarma sortu dezakeen informazio kontrastatu gabekorik.