Mahai-ingurua antolatu du Galtzarri elkarteak Kataluniako independentzia-prozesuari buruz

Kataluniako independentzia prozesuaz hitz egiteko, mahai ingurua antolatu du Galtzarri kultur Elkarteak. Ostiralean izango da (abenduak 11), arratsaldeko 18:30ean Salatxo aretoan.

Covergencia alderdiko Joan Manel Monfort, CUP-eko Marcel Martinez, Esquerra Republicanako Pere Sabat eta Xavier Lecegui PSCko kide ohia izango dira hizlari. Guztiak Vilafranca del Penedès herriko zinegotziak edo zinegotzi ohiak dira. Lehendik ere bada harremana Vilafranca del Penedès eta Orio artean, hango taldeak (Falcons-ak, castellers-ak, erraldoiak, musikariak…) etorri izan direlako Oriora, herriko festetan parte hartzera eta hemengoak ere joan izan direlako hara. Galtzarri kultur elkarteko kideek harreman horiek baliatu dituzte mahai-ingurua antolatzeko eta, Kataluniak bizi duen momentu politikoa hobeto ulertzeko, Xavier Leceguiri eskatu zioten independentziaren aldeko alderdiekin lotura egitea.

Jon Agirresarobek zuzenduko du mahai-ingurua. Vilfranca del Penedèseko zinegotzi eta zinegotzi ohiak bi egunez izango dira herrian. Larunbatean Lasarten izango da ekitaldi berbera, eguerdi partean.

Galtzarri elkartea

Galtzarri Kultur Elkartea hasi berria da lanean. Herri eta nazio eraikuntzaren ekimenak sustatzea, herri dinamikak indartzea eta elkartasun guneak bultzatzea helburu du, ezkerretik eraginez beti ere. Ahalegin horretan kokatzen da ostiraleko ekitaldia.