Orain dela 10 urte jarri zen martxan Orioko Maria Maestra haurreskola. Geroztik herriko haur asko pasa dira haurreskolaren instalazioetatik eta, gaur egun, herritarrek oso ondo baloratzen duten zerbitzua da.
Parte hartzeko gonbit zabala
Urteurren borobil hau ospatzeko, Maria Maestra haurreskolako arduradunek festa giroko ospakizuna antolatu dute azaroaren 25ean, ostiralarekin, 17:00etan hasita, haurreskolan bertan, eta bertara gonbidatu nahi dituzte Orioko haurreskolatik hamar urteotan pasa diren haur, guraso, familiar eta hezitzaile guztiak.
Eguraldiak laguntzen badu, merienda txiki bat egingo dute haurreskolako terrazan eta, horrez gain, hamar urteotan bertan izan diren haur-talde guztien argazkiak jarriko dituzte ikusgai haurreskolaren sarreran. Gainera, urte hauetan egindako argazkiekin proiekzio bat prestatu dute, musikaz lagunduta, eta haurreskolako geletako batean ikusi ahal izango da.