Maria Rivero eta Tribu Bandaren kontzertua izango da Arraunetxen apirilaren 30ean

Maria Rivero abeslariak kontzertua emango du Orion apirilaren 30ean, ostiralarekin, Tribu Banda taldeak lagunduta. Ekitaldia 19:00etan izango da, Arraunetxeko aretoan.

Kontzerturako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 2 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 70 sarrera daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi ahal izango dira kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.

Maria Riverok aurten argitaratu du «Parentesiak» disko berria eta horren aurkezpena egingo du Orioko kontzertuan.

Maria Rivero abeslaria

Maria Rivero balmasedarrak 2004an hasi zuen jendaurreko musika-ibilbidea, «Gota a gota» proiektua abiatu zuenean Valladolideko musikari batzuekin batera. 2006an Apurka taldea sortu zuen Balmasedako lagun batzuekin eta 2007an grabatu zuten beren lehenbiziko lana: «Estoldetan».

Apurka taldea 2009an desegin zen eta, ondoren, Siroka taldea sortu zuten Mariak eta MusikHerriako hiru kidek. Siroka taldeak bizirik jarraitzen du eta dagoeneko 5 disko kaleratu ditu: «Haize Berriak (2009)», «Karosi (2011)», «3.SZN (2013)», «Ura (2016)» eta «Buruz behera (2018)».

Siroka taldea handitzen joan heinean, Maria Riverok faltan bilatzen zituen kontzertu akustikoak eta, 2010ean, Hutsa bikote akustikoa sortu zuen Eriz Perezekin batera. Hasiera batean bertsioak egiten zituzten, baina gaur egun 4 disko argitaratu dituzte kantu propioekin: «Hutsa (2011)», «Huts unea (2012)», «Astuh (2013)» eta «Amnesia (2015 )».

Mariak 2017an ekin zion bakarkako ibilbide musikalari eta bere bakarkako lehen proiektua aurkeztu zuen: «Kintsukoroi». 2018ko abenduan izen bereko diskoa argitaratu zuen, Mark Jordan ekoizle katalanarekin batera.

«Parentesiak» da, oraingoz, Maria Riveroren azken lana.