Martxa onean ari dira saltzen ‘Iñigo ta biyok, Gozategiz’ ikuskarirako sarrerak

Gozategiren ikuskarirako sarrerak kultur etxean daude salgai, 5 euroko prezioan. Martxoaren 18an izango da, ostiralarekin, 22:30ean hasita. Aurreko astean jarri ziren salgai sarrerak eta dagoeneko asko saldu dira. Bertara azaltzeko asmoa dutenek, beraz, hobe dute azti ibili eta lehenbailehen erostea. Guztira 120 sarrera jarri ziren salgai eta ari dira pixkanaka ahitzen.

Orion estrainatuko den ikuskaria

Gozategi taldea 1992an sortu zen eta, beraz, datorren urtean beteko ditu 25 urte. Hori dela-eta, ikuskari bat prestatu dute, Lankuren laguntzarekin, herritarrei urte hauetako guztietako esperientzia kontatzeko eta, nolabait, ikusleekin partekatzeko bide horretan bizi izandakoak.

Ikuskariaren gidoia Jon Agirresarobek prestatu du eta bertan Iñigo Goikoetxeak eta Asier Gozategik parte hartuko dute, kantak eta solasaldiak tartekatuz.

Oriokoa izango da ikuskariaren lehen emanaldia eta, ondoren, Euskal Herriko beste toki batzuetan emango dute.