Urriaren 1ean hasi ziren klaseak Orioko euskaltegian eta, guztira, 60 bat ikasle arituko dira euskara ikasten ikasturte honetan.
Lau talde presentzial sortu dira: hasiera mailako bi, bat goizean eta beste bat arratsaldean; B1 mailako talde bat, arratsaldez; eta B2-C1 mailako beste bat, hau ere arratsaldetan. Talde horiez gain, 21 ikasle daude, autoikaskuntzan ari direnak, bakoitza bere maila eta helburuarekin.
Matrikulazio-datu onak azken lau urteetan
Euskaltegi berrituak 2015ean ekin zion lanari, Udalak bultzatuta, eta oso matrikulazio-datu onak izan ditu geroztik, bai talde presentzialetan eta bai autoikaskuntzan.
Zerbitzua Urola Kostako AEK-k ematen du eta dagoeneko lortu du erreferente nagusia izatea euskara ikasi nahi duten oriotar guztientzat.
Izena emateko aukera badago oraindik
Esanda bezala, talde guztiak martxan daude dagoeneko; baina, norbaitek izena eman nahi badu, oraindik badago aukera talde batzuetan sartzeko. Izena ematekotan, hala ere, berehala egitea komeni da, abiatu diren taldeetan arazorik gabe sartu ahal izateko.
Izena emateko, euskaltegira jo behar da, bertara joanda, telefonoz deituta (670 420 025) edo e-mail bat idatzita (orio@aek.eus).
Mintzalagun programa ere martxan
Euskara-eskolak emateaz aparte, Urola Kostako AEK-k antolatzen du, baita ere, eskualdeko Mintzalagun programa, ikasitako euskara praktikatu nahi dutenentzat. Programa honi buruzko informazioa ere euskaltegian jaso daiteke.