Udal-kanpina martxoaren 1etik azaroaren 11ra egongo da zabalik aurten eta, kanpinarekin batera, baita Boga-Boga taberna, jatetxea eta supermerkatua ere. Udal-kanpinak iaz jarri zuen martxan erreserbak online egiteko sistema, eta aurten ere halaxe jarraituko du. Irekitzeko egunean bertan zabalduko dute horretarako aukera.
Aurten 37 bezero finkorekin irekiko du denboraldia kanpinak, eta berrikuntza nabarmenik ez badago ere, 2024-2027 aldirako plan estrategikoa aurkeztuko dute datozen asteetan. Horri lotuta, datozen urteetan hobekuntzak egingo dira pixkanaka, bezeroen egonaldia are erosoagoa izateko.
Jone Olaskoaga kanpinaren zuzendariak azaldu duenez, «gure helburua da behin etorritako bezeroak berriz bueltan etortzea, eta horretarako, zerbitzu profesional, txukun eta hurbilekoa ematen jarraituko dugu».
Eguzki-panelen instalakuntza
2023an, kanpineko eraikin nagusiko teilatuan, udal titulartasuneko autokontsumo partekatua egiteko 40kw-ko plaka fotoboltaikoak instalatu ziren. Lan hauek egiteko bi dirulaguntza jaso zituen Udalak: Gipuzkoako Foru Aldundiko trantsizio ekologikoko zuzendaritzaren 19.123,17 euroko laguntza, batetik, eta Energiaren Euskal Erakundearen 39.679,20 euroko dirulaguntza, bestetik.
