Kontzentrazioa Xaltxerak taldeak deitu du eta Udalak babesa eskaini dio, martxoaren 7ko udalbatzarrean onartutako adierazpen instituzionalaren bidez.
Kontzentrazioa martxoaren 8an izango da, ostiralarekin, 20:00etan hasita. Bai Udalak eta bai Xaltxerak taldeak dei egiten diete herritarrei bertan parte hartzeko.
Udalak martxoaren 7an egindako udalbatzarrean aztertu zuen Bilduk martxoaren 8a dela-eta aurkeztutako adierazpen instituzionala.
Onartutako adierazpenaren testua honako hau da:
2013ko martxoaren 8a – Adierazpen Instituzionala.
Orioko Udaleko Bildu udal-taldeak honako adierazpen instituzionala aurkezten du, 2013ko martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko eguna dela- eta:
Euskal Herriko emakumeak krisi sistemiko batean murgilduta bizi dira, eta, egoera horren aurrean, Orioko Udal honetatik gogora ekarri nahi dugu martxoaren 8ko oroitzapenak esparru jakin batean kokatu behar direla, hain zuzen ere feministek emakume guztientzako eskubideen alde betidanik sustatutako aldarrikapenaren eta erresistentziaren esparruan.
Emakume feministek 1908an aldarrikatutako errebindikazio horrek indarrean jarraitzen du 2013an, are indar handiagoarekin gainera, eta horregatik lanean jarraitu behar dugu, era askotara zapaltzen eta menderatzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkala errotik aldatzeko.
Eta borroka hori are garrantzitsuagoa da, halaber, behin eta berriz aplikatzen ari diren dekretuak, erreformak eta gizarte-murrizketak kontuan hartzen baditugu, urtetako borrokan gizartearen, lanaren, ekonomiaren eta politikaren arloetan irabazitako eskubideen zuzeneko galera dakarten neurrian. Finantzek eztanda egin eta zorraren iruzurra nabarmendu aurretik, emakumeok bide luzea genuen egiteko, eskubide guztiak geureganatu eta lortzeko. Alabaina, une honetan atzera egiten ari gara, diskurtso atzerakoi batek emakumeok berriz ere adingabe moduan tratatu nahi gaituelako, erabakitzeko gaitasunik gabe eta bizimodu prekario batera kondenatuta.
Atzerakada horren adierazgarri ditugu, batetik, abortuaren legearen erreforma iragartzen ari direla, erreforma ultrakontserbadorea eta eliza katolikoaren agintarien eskutik datorrena, eta, bestetik, inoren laguntza behar duten pertsonak zaintzeko laguntzetarako egundoko murrizketak, lan horren karga berriz ere familien ?eta familien barruan, emakumeen? esku utziko duena, eta, horrenbestez, emakumeok prekarietate handiko eta errekonozimendu txikiko jardun horretan aritzera behartuko gaituena.
Urtero-urtero, martxoaren 8an emakumeok borroka feminista eguneratzen dugu, mundu berri bat sortzeko bidean. Mundu berri horretan, emakumeok gure bizitzaren eta gure gorputzaren jabe izango gara, bizimodu duina izango dugu, gure orain ekonomiko eta soziala eraikiko dugu, eta, edonon gaudela ere, subjektu politikoak eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragileak izango gara.
Gure ustez, xede horiek guztiak lortzeko, funtsezkoa eta estrategikoa da erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea, eta, ildo horretan, argi eta garbi adierazi nahi dugu toki-erakundeen eskutik xede horretarako programak eta baliabideak kentzeko asmoarekin etor litekeen erreforma oro guztiz gaitzetsi egingo dugula.
Gainera, Udal honek honako lehentasun hauek ere baditu:
- berdintasunerako politika publikoak garatzea, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.
- programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan udalaren gobernu-ekintza orok genero-ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatzea.
- emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea.
- indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.
Azkenik, mugimendu feministak betidanik emakumeen eskubideen alde egindako erresistentzia eta borroka eskertu nahi dugu, eta, ildo horretatik, mugimendu horrek gure herrian martxoaren 8rako egindako deialdiarekin bat egiten dugu