Mikel Markezek ‘Indar bat dabil hor’ diskoko kantak abestuko ditu emanaldian eta, baita ere, bere betiko kantak, jendeak etengabe eskatzen dizkionak. Bera eta Arkaitz Miner biolin-jotzailea arituko dira kultur etxeko areto nagusiko taula gainean, giro goxoko ekitaldian.
Mikel Markez errenteriarra da, izatez; baina bada urte batzuk gure inguru honetan bizi dela. Oso gazterik hasi zen kantari eta dagoeneko ibilbide luzea egin du: hamar disko, milaka kantaldi… Pako Aristi idazlearekin ere egin izan ditu kantaldi-errezitaldiak eta Orion aurkeztu ditu hainbat aldiz.
Sarrerak salgai kultur etxean
Mikel Markezen kantaldirako sarrerak kultur etxean daude salgai, 5 euroko prezioan.
Ekitaldia apirilaren 29an izango da, ostiralarekin, 22:30ean hasita. Udalak antolatu du, ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan.
Udalak 110 sarrera jarri ditu salgai eta dagoeneko eros daitezke kultur etxean. Interesa dutenek, beraz, hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea.