Datorren otsailaren 12an hasiko da Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saileko Portuetako Zuzendaritza moila berritzeko lanak egiten.
Lanak bukatzeko aurreikusitako denbora 9 hilabetekoa da eta, bitarte horretan, herriko irteera Txankako bidetik barrena egin beharko dute herritarrek.
Egitura berritu beharra
Duela hiru urte konturatu zen Udala moila azpiko egitura gaizki zegoela eta eskatu zion Portuetako Zuzendaritzari azterketa bat egiteko. Portuetako Zuzendaritzak azterketa hori egin zuen eta ondorioztatu zuen guztiz berritu behar zela egitura ahalik eta azkarren. Gaia presazkoa zenez, berehala egin zuen moilaren egitura birgaitzeko proiektua eta, behin lanen aurrekontua onartuta, orain ekingo zaio obrari.
Portuetako Zuzendaritzaren ardura izan da proiektua erredaktatzea eta obraren zuzendaritza ere bere egitekoa izango da. Lana UTE Construcciones DONOSTI, S.A. ? MENDIGORRI, S.A. enpresen elkarteari adjudikatu dio eta 993.075,85 euroko aurrekontua dauka (Bez barne), guztira.
Lanaren zer-nolakoak
Bizkarreneko etxetik hasi (Herriko plaza, 5) eta CN-634ko zubiraino izango da obra eremua. Eremu hori guztiz itxita izango da automobilentzat eta oinezkoentzat. Egingo diren lanak hauek dira:
- Zoru guztia altxatuko da eta, lanen bukaeran, berria jarriko da.
- Moila azpiko zutabeak berritu egingo dira (batzuk konponduz eta beste batzuk berriak jarriz).
- Moila barruko pareta konpondu egingo dute, indartzeko.
- Behin zutabeak-eta jarrita daudenean, moilaren kanpoko pareta itxi egingo da eta, beraz, ez da geratuko gaur egun dagoen bezala, moila azpia bistan dela, baizik eta kofradiatik Bizkarreneko etxera bitartean dagoen bezala.
Trafikoan izango diren aldaketak
Obrak irauten duen bitartean, herritik ateratzeko bidea Txankatik barrena izango da. Moila erabat itxita egongo denez, ezin izango da Ibai-Ondora sartu Hendaia plazatik barrena.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo udaletxeko bulego teknikora (943 83 03 46).
Obrak hartuko duen eremua (ikusi irudia)